Atzo eguerdian jazo zen ezbeharra Orozkoko harrobian. Mantenu lanetan zebiltzan bi langilek makinarekin izan zuten istripua, eta larri zaurituta eraman zituzten Gurutzeta ospitalera helikopteroan eta anbulantzian. Beharginetako bat, orozkoarra, atzo hil zen. Sindikatuek adierazi dutenez, huts egitearen arrazoiak ikertzen ari dira. Lankideen arabera, hondeatzailearen pala erori zitzaien gainera.
Langileen batzarra
Goizeko lehen orduan elkartu dira langileak zer egin erabakitzeko. Egun osoko lanuztea egitea ebatzi dute, momentuz.
Sindikatuak mobilizazio aukerak aztertzen ari dira, baina gaurko ez da deialdirik espero. Orozkoko Udalak "doluminik sentikorrenak" adierazi dizkio hildako langilearen familiari: "Haien saminarekin bat egiten du herriak zoritxarreko une gogor hauetan. Halaber, zaurituta dagoen beharginaren familiari elkartasuna adierazi nahi dio. Azkar sendatzea espero dugu".