Hil da Orozkoko harrobian istripua izan zuen bigarren langilea

Erredakzioa 2018ko eka. 8a, 13:50

Elkarretaratzea egin zuten iragan ostiralean Orozkon lan-istripua salatzeko. / Aiaraldea.eus

Orozkon bizi zen eta gaur zendu da, pasa den asteko lan istripuko zaurien ondorioz. 47 urte zituen eta elizkizuna igandean izango da 11:30ean San Juan Bautista parrokian.

Hil egin da Orozkoko harrobiko lan-istripua pairatu zuen bigarren behargina. Iturri sindikalen arabera, langilea oso larri zegoen eta bizirik mantentzeko makina bati konektaturik mantentzen zuten. Egoera kritikoan ospitaleratu zuten maiatzaren 29an.

Manifestazioa ekainaren 12an
Atzo bertan bere lankideek manifestazioa deitu zuten ekainaren 12rako eta, bide batez, animoak adierazi zizkioten beharginaren senideei, uste baitzuten hobera egiteko aukerak zituela.

Istripua
Pasa den asteko asteartean, eguerdian, jazo zen gertaera, langile gehienak bazkaltzera joan zirenean. Hildako bi beharginak mantenu lanetan geratu ziren harrobian, eta hondeatzailearen pala gainera erori zitzaien, tresna hori konpontzen ari zirenean. Egun horretan bertan hil zen zauritutako langile bat.

Hurrengo egunean urtebetea igaro zen eskualdean jazotako azken lan-heriotza gertatu zenetik. 2017ko maiatzaren 31n 22 urteko gazte bat elektrokutatuta hil zen Murgako argindar estazioan. Azpiegitura Iberdrolarena den arren, bera ez zen enpresa horretako langilea, azpikontrata batentzat egiten baitzuen lan.

 

HEDABIDEAREN OHARRA: Aiaraldea hedabideari atzo zenbait iturri sindikalek adierazi zioten lan-heriotza, gertatu aurretik. Hori dela medio, albistea argitaratu zuen. Ondorioz, Aiaraldea hedabideak barkamenak eskatu nahi dizkie senide eta ingurukoei berriak eragindako eragozpenengatik.

 

Orozkoko Udalaren oharra
Orozkoko Udalak oharra plazaratu du senideei doluminak eman eta gertatutakoa salatzeko. Tokiko erakundeak bat egin du langileek datorren asterako deitutako mobilizazioarekin. 

18 hildako hamar urtetan
Urtez-urte loditzen doan kopurua da lan-heriotzena. 2007tik hona 18 langile zendu dira eskualdean lan-istripuen ondorioz. Iaz 54 langile hil ziren Hego Euskal Herrian mota horretako ezbeharrak medio. Aurten 21 hil dira momentuz, 23 Orozko bi beharginak kontatuta. Gauzak hala, harrobikoa “gertaera isolatua” izatetik urrun dagoela nabarmendu zuten sindikatuek iragan ostiralean Orozkon eginiko elkarretaratzean.

“Sistemikoa dela esan daiteke”, azaldu du Hego Uribeko LABeko arduraduna den Agustin Figalek, “badago sistema bat horrelako istripuak bultzatzen dituena”.Prekarietatea dago lan istripu guztien atzean, Leire Herediaren ustetan. ELAko lan osasun arduradunak nabarmendu du enpresek ardura hartu behar dutela, “legea betetzen”. “Osalan eta lan-ikuskaritzak egon behar dute atzetik, araudiak betetzen direla ziurtatzeko”.

Horretarako “giza-baliabide gehiago” behar direla uste du Herediak. “Gai hau ez da lehentasuntzat hartzen. Zenbat langilek hil behar dute lan-istripuen eta laneko gaixotasunen ondorioz politikak aldatu daitezen?”.

Patronala seinalatu du LABeko ordezkariak. “Ase-ezina da bere gosea, bere interesak jartzen ditu beste edozeren gainetik”. Hala ere, “erantzunkizun instituzionala” ere badagoela nabarmendu du Figalek. “Badago askoz lege zorrotzagoak egiteko aukera, baina albo batera uzten da beti”.

“Sistema errotik aldatu”
Iritzi berekoa da Heredia. ELAko ordezkariak azaldu du hainbat proposamen helarazi dizkietela EAEko eta Nafarroako gobernuei. “Batzuk egiteko dirua behar da, baina beste batzuentzako borondate politikoa baino ez da behar. Pertsonen bizitzak eta lan baldintza duinak, hori da bermatu behar diren lehenbiziko gauza”.

Figalek, bere aldetik, sistema “errotik” aldatu behar dela uste du. “Sistema osoa oinarritzen da etekinetan, eta hori aldatu egin behar da. Bizitza erdigunean jarriko duen sistema bat eraiki behar dugu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide