Izaro Blancok Munduko Kick Light eta Contact Light Txapelketetan aritzeko aukera izango du irailaren 15ean Venezian; 13-14 eta 15 urteko bitartekoen artean, 65 kilo gaineko kategorian, hain zuzen.
Hautaketa lortu arren, oztopo handia izango du orozkoarrak puntako borrokalariekin aritzeko. Izan ere, Espainiako Kick Boxing eta Muay Thai Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak ez diote diru-laguntzarik eskainiko.
Berez, federazioak soilik aurreikusten ditu bekak eta laguntzak 19 urtetik gorakoentzat eta Eusko Jaurlaritzak 16 urte, gutxienez, bete dituztenentzat.
Gauzak horrela, senideek hartu beharko dituzte bere gain txapelketako gastuak eta, hasteko, bidaiak 1.200 euro inguru balio du. Ondorioz, babesleak lortzeko deia zabaldu dute, garraioari zein bestelako beharrei aurre egiteko.
Madrilen hautaketa
Ekainaren 2an deituak izan ziren Madrilgo Consejo Superior de Deportes erakundera Izaro Blanco Pikaza eta bere anaia, Iker, biek dominak eskuratu baitzituzten 2018ko Espainiako Kick Boxing Light Contact eta Point Contact Txapelketetan.
Zenbait borroka egin ostean, Izaro izan zen hautatua Munduko Txapelketan parte hartzeko. Bere ibilbidea lorpenez beterik dago: 8 aldiz izan da Espainiako Light Contact txapelduna, 3 aldiz txapeldunordea eta munduko 5. postuan sailkatu zen behin. Horrez gain, Euskadiko 10 txapelketa irabazi ditu.