Zer dira, zehazki, errotarrien harrobiak?
Errotarriak ekoizten ziren lekuak ziren, mendian egiten ziren. Harginek ateratzen zituzten harlauzak eta lantzen zituzten errotariek eskatutako tamaina eta formara egokitzeko. Errota bakoitzak neurri jakinak zituen. XIX. mendea baino lehen arratan neurtzen ziren.
Guk 45 zentrimetrotik 160 zentimetrora bitarteko errotarriak topatu ditugu Gorbeian. Txikienak dira zaharrenak. 45 zentimetrokoak IX. mendekoak izan daitezke, eta 160 zentimetrokoak XVIII. mendekoak.
Zer ikerketa mota egin duzue Gorbeian?
Gorbeian 6 errotarri harrobi soilik ezagutzen ziren. Oso azalekoa izan da, beraz. Nire proiektuak Euskal Herriari buruzko beste bat barnebiltzen du.
Tokiko ikuspegia baliatuta katalogatu ordez, modu orokorrean egin dut; ogibidea ahaztua da eta datuak ez ziren fidagarriak nagusien kasuetan; datu gutxi lor daitezke modu arruntean.
Besteek egin duten eraren kontrara egin dut nik ikerketa. Hipotesia zen Gorbeian altxor etnografikoa zegoela eta lurraldea miatu behar zela.
Azterketak aurrera egin ahala, parke naturaleko txoko ezkutu gehiago topatu ditut. Inork ez zuen lehenago horrelako ikerketarik egin, eta nik ekin nion zonaldea hobeto ezagutzeko. Uste nuen, gehienez, 20 harrobi katalogatuko nituela, Nafarroako Baztanen edo Aezkoako mendietan izandako esperientzian oinarriturik. 4 urtez ibili naiz gunean.
"110 toki katalogatu ditut Gorbeian errotarriei loturik"
Lehen urtean katalogazio maila oso baxua izan zen. Ni bakarrik ibili nintzen, laguntzaile paregabeekin harremanetan jarri arte. Oso modu aktiboan lagundu naute. Orozkon, Zigoitian eta Baranbion izan ditut, guztira 50 laguntzaile izan dira. Orozkokoa Iñaki Garcia Uribe izan da.
Zein da ikerketak eman duen emaitzarik nabarmenena?
Gorbeia errotarri harrobi handia izan da. Hori erakutsi dugu. Ezustea izan da ikustea Gorbeiaren hareharrizko mendigunea baliatu zutela harginek.
110 toki katalogatu ditut Parke Naturalean eta beste 8 ingurutan. Errota harrien 450 zati topatu ditut 60 kilometro karratutan sakabanaturik. Beste 15 toki utzi ditut berretsi gabe, probak ahulak zirelako eta datuak fidagarriak izan behar direlako.
"Gorbeian dagoen errotarri harrobien kopuruak ez dauka parerik munduan"
Harrobi kopuru hau ez da existitzen munduan. Kasualitate handia izan zen bat egitea geologia bereziak, hareharriaren kalitatea eta inguruan -Bizkaian eta Araban- errotak egotea. Palenciako iparraldean harri ona zen, baina errota gutxi zauden. Ondorioz, errotarriak kanpoan saltzen zituzten.
Hori ez zen Gorbeiako kasua, tokikoa izan baitzen salmenta; apurka-apurka behera egin arte XIX. mendeko erdialdean.
Hemengo harriari beltza deitzen zioten, Trebiñukoa zuriagoa baitzen. Lehiakortasun handia zegoen euren artean, hurbiltasuna zela eta.
Gorbeian 1.200 metroko altueran landutako harria jaisten zuten aranean zegoen errotara, 10 kilometroko distantziara.
Orain konturatu gintezke harginen ahaleginaz. Ezin dugu euren kolpeen zarata entzun, baina lo egiteko baliatzen zituzten etxolak, bide zaharrak edo harri zatiak topatu ditugu.
Jose Iturrate apaizak ogibidea ikertu zuen Zuian duela 20 urte inguru eta 2001ean artikulu interesgarria argitaratu zuen. Nik erreferentziatzat hartu dut eta lagungarria izan da.
Nik ez dut fitxategietara jo, mendira baizik, eta lagun ugari egin ditut; irakatsi diet eta ikasi egin dut.
Elkarlanean aritu zarete Grenobleko Unibertsitatearekin, ezta?
Elkarlana mantentzen da Alain Belmont irakaslearekin, doan. 2005ean irakasleak erabaki zuen Europako ikerketa egitea eta laguntzaileak bilatzea. Mundura zabaldu daiteke proiektua.
Nazioarteko 5 kongresu antolatu dira -2002an, 2005ean, 2009an, 2011n eta 2014an- eta nire lehen partaidetza 2006an izan zen, bi kide errioxarrek lagunduta. Eurekin bisitatu nituen Errioxako zenbait harrobi eta ikasi nuen zeintzuk ziren harginek uzten zituzten arrastoak.
2007an nire lagun errioxarrak Gorbeian egon ziren eta lehen 3 harrobiak katalogatu zituzten. Gero Nafarroan jarraitu zuten eta gune berrien katalogazioan lagundu nien. Urte horretan beste etnografia gai batzuk ikertzen nituen eta ez nuen asmorik lan honetan aritzeko.
2010ean gonbidatu ninduten indusketa batzuetan parte hartzeko Trevagon -Sorian- eta Belmont irakasleari eskatu zioten baimena laguntzaile bihurtzeko. Beranduago lagundu ninduten Gipuzkoako harrobiren batean eta geroztik bidea adierazi didate nik bakarrik lan egiteko.
Belmont irakasleak laudorio ugari bidali dizkit leku oso politak katalogatu ditudalako; Atlas Meuliéres webgunea mantentzen du irekirik eta 900 fitxa baino gehiago aktibatu dira. Nik 207 harrobi topatu ditut 2010etik.
Ahaleginak merezi du eta Gorbeian bukatu badut ere, Karrantza edota Elgea-Urkilla mendilerroa bisitatu behar ditut aurten.
Zer erakutsi du ikerketak?
Harginek ondo profitatzen zituztela bitartekoak eta zama handi horiek modu profesionalean mugitzen zituztela. Izan ere, topatutako harrobien erdia baino gehiago -30etik 17, hain zuzen-, 800 metrotik gora zeuden kokatuta. Aintzat hartuta errotak aranean zeudela, bideak hobetu behar izan zituzten harriak jaisteko.
"Oderiaga mendiko tontorrean daude errotarri harrobiak"
Ikazkinek eta artzainek ez zituzten bide zabalak egiten, harginek bai, tresnak zituzten eta.
Oderiagako harrobiak errota harri apurtuak ditu tontorrean bertan, mendizaleen postontziaren alboan, 1.240 metrora. Uste dut harrobi ezagunena dela eta Iñaki eta Josetxu Figueroren laguntzarekin katalogatu nuen.
Egia da ere garai megalitikoaren zenbait monumentu txikitu zituztela harginek, begirunerik gabe, errotarriak egiteko. Ez bakarrik Gorbeian, Nafarroan zenbait kasu ere islatu dut.
Oderiaga osoa dago errotarrizko harrobiz beteta, iparraldea ere. 800 metrora 4 harrobi jaso ditut. Lehen hor ez zegoen erreferentziarik ogibide horri buruz, soilik artzaintzaren inguruan. Gipuzkoar bat etorri da Orozkora eta euren ondarearen zati txiki bat erakutsi die.
Trukean uste dut nik irabazi dudala, lagun ugari egin eta hainbat toki magiko ikusi ditudalako. Bestela, inoiz ez nituzkeen bisitatuko.
Zer egingo duzue jasotako informazioarekin?
Ikerketa ahalegin handiaren emaitza da, diru-laguntzarik gabe, ez baitut eskatu presioa ez izateko -epe mugak, euskarriak...-. Nik bidaltzen diot fitxa bat laburtuta Grenobleko Unibertsitateari eta Interneten kontsultatu daiteke, Atlas Meuliéres webgunean.
Datu ororen kopia uzten dut maiztasunez Aranzadi Zientzia Elkarteko artxibategian. Zeharkako zabalpena garrantzitsua da. Kopia bat dauka dagoeneko Gorbeiako Parke Naturaleko zuzendaritzak eta beste batzuk Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean eta Arabako Foru Aldundian daude.
"Egia da ere garai megalitikoaren zenbait monumentu txikitu zituztela harginek, begirunerik gabe, errotarriak egiteko"
Halaber, kopiak dituzte Orozko, Zuia eta Zigoitiako Udaletan. 303 orrialdeko txostena da.
Nik egin dut eta nire erabakia da zabaltzea ezer eskatu gabe trukean, soilik egiletza errespetatzea. Edozein ikerlarik erabil ditzake. 19 lan argitaratu ditut errotarrien inguruan, 765 orrialde guztira.
Harreman estua daukat beste ikerlarirekin eta Gorbeiatik urrun topatu ditugu harginen tresnak. Gorbeian bertan ez da egin indusketa arkeologikorik, hortaz, zenbait aztarna bertan geratuko dira edo etorkizunean ziurtatu ahalko dira, arkeologoak sartzen badira. Hori bai, horretarako beharrezkoak dira bitartekoak eta baimenak.
Nire datuak edonoren esku daude, baina uste dut lan mardulegia dela. Diru eta denbora gehiegi behar da. Profesionalen batek egiten badu, bitartekoak behar izango ditu. Agian tesi bat egin daiteke, baina ni ez naiz inor esateko gai hau beste bat baino garrantzitsuagoa dela.
Datuen balioa agerikoa da, lehen oso gutxi genekien eta orain nahiko. Harremanak izan ditut hainbat historialarekin eta espero dut baten batek profitatzea egindakoa aurrera egiteko ogibidearen jakintzan.
Ikertu izanak balioko du babesteko eta hori bada asko. Iñaki Garciak datu guztiak ditu eta nirekin dago Aranzadin, orain bera da Gorbeiako harrobiak hobekien ezagutzen dituena.