Josu Luis Urrutia zuzendariak adierazi du proiektuaren helburua dela aztertzea artzaintzaren iragana, oraina eta etorkizuna Gorbeian.
Horretarako Gorbeialdeko hainbat artzainekin harremanetan daude eta elkarrizketa sorta egin dute. Orozkoko hainbat lagun agertuko dira filmean.
Momentuz, lehen fasea besterik ez dute grabatu. Izan ere, urteko sasoi guztiak islatu nahi dituzte. Ordea, Gorobeli buruzko pelikulan urtaro bakarra jaso zuten, uda, alegia.
Emakumea, euskara eta etorkizuna
Enrique Arberas biologoa proiektuan parte hartzen ari da Luiso Lopez Aztarnako kidearekin batera, eta ardatz gehiago txertatu dituzte gidoian, ez soilik artzaintza.
Horrela, Jesus Angel Santa Kruz orozkoarrak, Itxina Abeltzainen Elkarteko kideak, goraipatu du filmak emakumearen garrantzia erakutsiko duela ogibide horretan. Alde batetik, antzina emakumezkoek hartzen zuten euren gain familia osoaren ardura gizonezkoa mendian zegoen bitartean. Bestetik, egun hainbat emakumek lan egiten dute abereekin Gorbeian eta "lehen lerroan kokatu dira artzaintzan", Santa Kruzek azaldu duenez.
Horrez gain, abeltzainak aipatu du xedeen artean dagoela Gorbeiako euskararen aberastasuna jasotzea: "hainbat hitz eta esamolde gorde nahi ditugu, galdu baino lehen."
Finantzazioa
Egitasmoa anbizio handikoa da, ez soilik helburuei dagokienez, baita ekonomikoki ere. Hori dela medio, finantzazio bila ari dira ekimenaren sustatzaileak.
Momentuz, zenbait udalen -Orozkokoa barne- babesa lortu dute, eta norbanakoen ekarpenak ere onartzen dituzte. Arabako Foru Aldundiak ere lagunduko du, baina oraindik lanean ari dira egitasmoaren bideragarritasuna bermatzeko.