Ibarrako Jesus Maria zentroko langileak: “Gaueko txandako langile bat kaleratu dute eta orain 2 langile daude 80 erabiltzailerentzat"

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 8a, 12:29

Pankartak jarri dituzte langileek euren egoeraren berri emateko.

Zerbitzuaren “erabilera merkantilista” egitea egotzi diote LAB, CCOO eta ESK  sindikatuek Grupo Norte enpresari.

Oharra plazaratu dute Ibarrako Jesus Maria aniztasun funtzionala duten pertsonen zaintzarako zentroko langileen ordezkariek (LAB, CCOO eta ESK sindikatuak) azken hilabeteetan jazotako murrizketak salatzeko. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, Madres Mercedarias entitate erlijiosoak kudeatu du zentroa uztailera arte. Orduan Grupo Norte zerbitzu enpresako fundazioak hartu zuen kudeaketaren ardura, subrogazio bidez.

Gauetan 2 langile 80 erabiltzailerentzako
Subrogazioaren ondorioz hainbat murrizketa pairatu dituzte langileek, sindikatuen ustez. Alde batetik, behargin kopuruan murrizketak egon dira. “Ez dira berritu zerbitzua aurrera ateratzeko beharrezkoak eta estrukturalak diren aldi baterako lanpostuak”. Gaueko txandako langile bat kaleratu eta kale ordaina diru publikoz ordaindu diotela gaineratu dute sindikatuek. Horrez gain, “atentzio ratioa” txikitu dute: “5 langile daude txanda bakoitzean 80 erabiltzaileentzako, eta gaueko txandan 2 langile baino ez”.

Lan eskubideen murrizketa
Lan eskubideetan ere murrizketak egon dira, beharginen ordezkariek nabarmendu dutenez. Soldata eskala bikoitza ezarri dela kritikatu dute. “Langile berriei ez zaie enpresa paktua aplikatzen eta jardunaldi osoa 836 euroko soldatarekin ordaintzen da”. Gainera, kontratuan zehaztuak dauden asteburu eta lanegun gehiagotan lan egitera derrigortzen dituzte.

Horrek guztiak “kalitate zerbitzua eskaintzea” zailtzen duela nabarmendu dute sindikatuek. “Erabilera merkantilista honen kaltetu nagusiak, langileekin batera, erabiltzaileak dira”.

Era berean, sindikatuek gogoratu dute zentroak jasotzen duen diru kopuru handi bat Bizkaiko Foru Aldundiarekin gauzatutako hitzarmen batetik datorrela. “Beraz, guztion patriketatik datorren diru publikoaz hitz egiten ari gara”.

Datorren astean albiste gehiago
Gauzak hala, “lan baldintzak errespetatu eta mantentzea” eta “langile murrizketekin amaitzea” eskatu dute. Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, datorren astean jasoko dute zuzendaritzaren erantzuna eta horren arabera erabakiko dute zer egin. Sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dute zentroko zuzendaritza dela norabide berri hau ezarri duena. “Enpresa berria kontratatu dute, baina zuzendariaren ideia izan da guztia”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide