Haurrek txikitatik barneratzen dituzte indarkeria matxista sustengatzen dituzten rolak. 2-4 urteko geletan ez da hainbeste ikusten, baina hortik aurrera eurek hasten dira "nik honekin ez dut nahi bakarrik neskak daudelako", edo "mutilen gauzetara jolasten dute bakarrik" tankerako esaldiekin.
Hala uste du Argiñe Rodrigez Rivasek. Guraso eta hezkuntza komunitateko kide gisa identifikatu ditu zenbait jarrera. Gurasoengan jarri du erantzukizuna: "Gure edo besteen alaba zein semeei hori entzunda ez dugu ezer esaten, ez dugu mozten. Zeintzuk dira nesken jolasak? Eta mutilenak? Zergatik dira batenak edo bestearenak?".
Lanketarik ez
Hala eskolan nola etxean edo plazan, ez lantzea arazotzat du. Adibide errealak aipatu ditu: "Jo, ama, eske pakete esaten didate, edo ezin dudala jolastu neska naizelako!", edo "ez dut jolastu nahi astoak direlako". Egoera horietan umea hartu eta foku horretatik aldentzen dugu gurasook".
Rodrigez Rivasen aburuz, haurrak bere "pelikula" hasten du hor, eta gurasoek ez lantzeagatik -denbora falta edo bestelako arrazoiengatik- ez dute egoera aldatzen.
"Eskolako patioa edozein instituzio modukoa da: asko nabaritzen da espazioen konkista". Kirol zelaietan mutilak eta futbola dira nagusi, "neskak ez daude hor barneratuta, ez dago elkarbizitzarik. Asko nabaritzen da patioan edota egiten dituzten txokoetan".
Itxuraren "afera" ere eguneroko borrokatzat du: "Esan didate mutila naizela ile motza dudalako, edo diote mutila naizela ez dudalako belarritakorik...". Egoera horietan gurasoek erantzuten dutela uste du orozkoarrak, baina alde negatiboa alboratuta: "Lasai, badira ile motzdun neska eta mutilak, baita belarritakodunak ere... Purpurinak, belarritakoak oso ondo daude, baldin eta zuk aukeratzen badituzu, ez inposatuta dagoelako; hau da, baztertuta ez geratzeko sartzen bazara jokoan".
Gurasoen rola aldatzeko beharra
Zaintza arloan aurrerapen pila egon dira, Rodrigez Rivasen esanetan: aitak gehiago gerturatzen dira eskola zereginetara, "baina oraindik asko falta da egiteko".
Hain zuzen, egunerokotasuneko betebeharretan pisu gehiena emakumeengan dago: "Amek antolatzen dute agenda bileretara joateko, familia beharrei heltzeko. Irakaslearekin guraso bileretara gurasoak deitzen dira, baina biek ezin badute etorri, bizitza hankaz gora jartzen duena gehienetan ama da". Baita ikasturte hasierako bileretan ere. Edota, umearen telefono kontaktuetan: "Zerbait gertatzen bada eskolan beti 2 telefono daude, baina %100ean ematen den lehen telefonoa amarena da".
Adibide sinpleagoetara jota, zenbait galdera luzatu ditu orozkoarrak: nork prestatzen du normalean motxila edo ibilaldirako ogitartekoa? Nork kontsultatzen ditu eskolaz kanpoko ekintzak? "Edozein arratsaldetan patiora joanez gero, %80 amak dira", erantsi du.
Soluzio gisa, hezkuntzatik hasita, umeei sistema osoa irakastea proposatu du, "ez soilik eskola kontua". Guraso Elkarteko kidearentzat ez da hezkuntza bakarrik aldatu behar, sistema baizik: "Sistema da patriarkala eta matxista, hezkuntza horren zati bat baino ez da, funtsezkoa, baina alor guztietan lortu behar dugu buelta ematea. Kontua ez da emakumeen futbol talde bat egotea lortzea, askoz gehiago da".