Faktoriak antolatuta, Aiaraldeko Emakumeen II. Topaketa Feminista izan zen atzo. Orozko hautatu zuten topaleku gisa, eta egun osoan zehar lagun ugari elkartu ziren. Herrigunean 4 erakusketa ikusteko aukera egon zen: whatsappen jazarpenarena, hilerokoarena, Manada kasuarena eta Aiaraldeko Mugimendu Feministarena.
11:00etan hasi zuten jardunaldia, bailarako proiektu feministen aurkezpen maratoiarekin. Eragile ugariren bidez, memoria historiko feminista berreskuratzeko ekimena, Laudio eta Amurrioko etxe feministak, Zaskaleari, Urduñako emakumeen fabriketako lana, irakurketa klub feminista, eskualdeko sortzaileen azoka eta haur lapurtuen ekimena azaldu zituzten. Eguerdian kantukada egin zuten herrian zehar, eta bazkariaren ondoren Emakumeak oholtzara emanaldi kolektiboa. Bertan, musika, antzerkia eta dantza uztartu zituzten.
Aurrera begirako egitasmoak ere aipatu zituzten Faktoriako kideek. Batetik Aiaraldeko tribial feminista eratzeko prozesua abiatu dute, eta bestetik, emakumeen munduko janak antolatzeko proposamena luzatu zieten bertaratutakoei. Hala, lan-taldeetan egin zituzten ekimenekiko ekarpenak partaideek. Udazkenean aurkeztuko dituzte bi proiektu horiek.