Izaro Blancok Munduko Kick Boxing Txapelketan parte hartuko du, baina babes falta salatu du berriro

Aitor Aspuru Saez 2019ko uzt. 29a, 11:00
Izaro Blanco entrenatzen ari da buru-belarri Hungariako Munduko Txapelketan parte hartzeko./ I. B.

Izaro Blanco orozkoarrak 2. postua eskuratu zuen Munduko Kick Boxing Txapelketan iaz, eta aurten emaitzak hobetu nahi ditu. Edonola ere, kirolariak kritikatu du laguntza ekonomikorik ez duela izango Hungariara joateko, bertan baita lehiaketa.

Izaro Blanco pozik dago aurten ere Munduko Kick Boxing Txapelketan arituko delako, baina berriro salatu behar izan du babes falta kirol erakundeen aldetik.

Izan ere, iaz bere gain hartu zituen bidaia eta egonaldia Venezian; eta aurten gauza bera egin beharko du Györ hirira joateko, Hungariara. Txapelketa abuztuaren 23tik irailaren 1era arte izango da.

2018an txapeldunordea izatea lortu zuen eta aurtengoan ere nagusitzea du erronka. Horretarako prestaketa fisiko eta psikologiko aparta gauzatzen ari da: egunero ordubeteko ariketa fisikoa egiten du, teknika jorratzen du 2 orduz; eta astean 3 aldiz -edo posible bazaio gehiagotan- borrokatzen du.

Entrenamendu gehienak Gasteizko Ying Yang gimnasioan egiten ditu, baina etxean ere lan egiten du bere anaiarekin. Horrez gain, zenbait goizetan Bilboko Elite Sportera jotzen du.

Hori dela eta jarduera guztietako laguntza eskertu die senideei, Osncar Nevadori eta Javier Lezcano entrenatzaileari.

Emakumezkoen kirola, bazterrean
Hala ere, 14 urteko borrokalariak oso argi dauka emakumezkoen kirolak ez duela inolako aitorpenik. Euskal Federazioak ez dio diru-laguntzarik eskaini; eta gauza bera gertatu da Espainiakoarekin, nahiz eta erakunde horrek hautatu duen lehiaketan aritzeko.

Iaz munduko txapelketan zilarrezko domina eskuratu ostean, ez zuen inolako aitortzarik izan. "Maria Jose Riendas Contreras Kirol Kontseilu Goreneko presidenteak bidali zidan eskutitza eskertzeko egindakoa" azaldu du orozkoarrak. Egoera hori aintzat hartuta, bere anaia Iker Blancok nabarmendu du edozein laguntza ongi etorria izango dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide