"Zapatu morea" izan zen atzokoa Orozkon. Emakumeen ikusgarritasuna, saretzea eta ahalduntzea sustatzeko helburuarekin sortu zen ekimena duela zenbait urte. Aurtengoan, baina, egun osoko egitaraua prestatu dute; goizetik goizaldera artekoa.
Hain zuzen, emakume sortzaileen azoka atondu zuten goizean txosnagunean. Arratsaldean, aldiz, Mamiki batukadarekin kalejira feminista osatu zuten. Ondoren, "Lau eme" dantza ikuskizuna izan zuten, eta segidan ekitaldia. Goizaldean, aldiz, Yogurinha Borova eta Las Tea Party aritu ziren giroa jartzen.
Ekitaldi mamitsua
Ekitaldia laburra bezain mamitsua egin zuten. Lehen zatian antzerkia baliatu zuten neska gazteek pairatzen dituzten egoera matxistak bistaratzeko. Hala, maitasun, lan eta jendarte alorretan gertatzen diren zapalkuntzak utzi zituzten agerian: kontrola eta jazarpena, gutxiespenak eta beste.
Ondoren, kideetako batek hartu zuen hitza, eta irakurketaren bidez "jaiak, kaleak eta gauak denonak dira" mezua zabaldu zuen. Izan ere, festen testuinguruan eraso ugari jazotzen dira, azpimarratu zutenez.