Blas de Oteroren idazluma, Orozkoren oroimenean ibiltari

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 23a, 17:11

Orozkoko Batasuna dantza taldeak Blas de Oteroren heriotzaren 40. urtemuga dela-eta, “omenaldi ibiltaria” egin zuen asteburuan herrian, idazlearen poemak eta bizitza ardatz hartuta. Jendetzak egin zuen bat ekimenarekin. Poesia, dantzak, abestiak, bertsoak eta zuzeneko musika tartekatu zituzten gonbidatu bereziekin. 

Poesia, musika eta dantzarekin gogoratu zuten Blas de Oterok Orozkon utzitako arrastoa, larunbatean. Batasuna dantza taldeak antolatu zuen"omenaldi ibiltaria", idazlearen heriotzaren 40. urteurrena medio. 

Bost geldialdi egin zituzten artistarentzat esanguratsuak izan ziren tokietan: Muñozen etxean, Txoperan, San Anton iturrian, frontoian eta Zubiaur plazan. Muñoz etxea uda bertan igarotzen zuelako aukeratu zuten. Txopera, berriz, poema baten izenburu eta muina delako.

Azaldu zutenez, frontoira ere sarritan joaten zen "giharrak luzatzera".  Blas de Oterok, bere lanetan, Ibarra edota Murueta auzoetako erromeriak ere aipatzen ditu; edota Luiaondo, Laudio edota Baranbio herriak. Aiaraldeaz gain, euskal hizkuntzari ere egin zion keinu, Orozko eta Durango haranetakoa zela aitortuz Euskeraz egin dezagun poeman.  

Guzti horiek eta gehiago kontatu zituzten ikuskizunez beteriko ekitaldi ibiltarian. Herriko aurpegi, ahots eta ezagun asko bildu zituen zitak. Horien artean, Agurtzane Intxaurraga antzezlea edota Rafa Muntion irrati esatari ohia. Juanjo Respaldiza bertsolariak ere hartu zuen parte.

Musika instrumentu ugari entzuteko parada egon zen: biolina, biolontxeloa, txirula, kitarra... Baita poeten errezitaldiak ere, Julio Flor eta Jose Fernandez de la Sotarena, kasu. 

Halaber, tokiko eragile eta herritar andana inplikatu ziren: Agate Deuna abesbatza, Orozkoko eskola, bertso eskola, Josu Amundarain eta Aitzol Basaldua txalapartariak... Hain zuzen, frontoia egokitu zitzaien azken hiruei agertoki gisa. Juantxu Uribarren eta Iker Iriondo pilotariek partida azkarra jokatu bitartean, txalapartaren hotsek lagundu zuten Orozkoko haurren Hitzik ez olerkia. 

Une berezi ugari pilatu zituen omenaldiak. Txoperan, esaterako, arte diziplina ugari nahastu zituzten: Rafa Muntionek eta Agurtzane Intxaurragak eskainitako olerkiak, Maialen Bilbaoren dantza, eta Izaskun Villaverderen txirula soinua, besteak beste. 

Gune guztietan Blas de Oteroren poemak iltzatu zituzten egurrezko xaflatan. San Anton iturriaren bueltan, akordeoi doinu artean irakurri zituzten Santa Marina eta "Harana" hizpide dituen sormen lanak. Euskaraz sortuak batzuk, gazteleraz besteak.

Zubiaur plazan bukatu zen ikuskizuna, "Orozko" poemaren irakurketarekin eta Lucia Socamen kantaldiarekin.

Urtebeteko lanaren emaitza
Pedro Martin Olabarria Batasuna dantza taldeko kidea da. "Orozkorekin zuen harremana herriari azaltzea izan da helburua. Txikitatik jolastu du hemengo erreketan, frontoian.... Orozkoar guztiok bezala", adierazi dio Aiaraldea hedabideari.

Urtebete igaro dute emanaldia prestatzen: "Iazko abenduan hasi ginen ideiari bueltak ematen. Oso ikuskizun landua izan da. Eskerrak eman behar dizkiegu antolakuntzan lagundu gaituzten guztiei, eta baita hurbildutako pertsonei ere, euren presentzia aktiboagatik".

Erlazionatuak

Blas de Otero, heriotzaren 40. urtemugan bizi-bizi

Izar Mendiguren Cosgaya 2019 ira 22 Orozko

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide