[ERREPORTAJEA] Orozkoar bat Mauthausenen

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ira. 29a, 07:00
Mauthausenen-Gusen kontzentrazio esparrua askatu zutenean hartutako irudia. / Archive.org

Estatu Espainiarreko milaka pertsona zendu ziren Mauthausen-Gusenen. Berriki argitaratu dituzte guztien izen-abizenak. Ramon Guerrero Fernandez orozkoarra ere egon zen nazien kontzentrazio esparru horretan, baina bizirik ateratzea lortu zuen, ia hiru urte preso eman eta gero.

Mauthausen-Gusen kontzetrazio esparruan hildako Estatu Espainiarreko herritarren zerrenda plazaratu du Espainiako Gobernuak udan. Abuztuan argitaratu zituzten pertsona horien izen-abizenak Estatuko Aldizkari Ofizialean, 4.427 guztira.

Ramon Guerrero Fernandez orozkoarra ez da zerrenda horretan agertzen, bera bizirik atera baitzen nazien kontzentrazio esparru horretatik. Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunean topatu daiteke Aiaraldeko bizilagun horri buruz dagoen informazio apurra. 1903ko maiatzaren 3an jaio zen. Handik hamarkada batzuetara Hirugarren Reicheko presondegi batean amaitu zuen, arrazoi eta gorabehera ezezagun batzuk medio. Ez dakigu Guda Zibilean borrokatu ostean Frantziara ihes egin eta naziek atxilotuta amaitu zuten milaka errepublikarretako bat izan ote zen (hipotesi posibleena hori den arren). Dakigun bakarra honakoa da: 1942ko abuztuan eraman zutela Mauthausenera, 12103 matrikula zenbakiarekin.

Ia hiru urte igaro zituen Orozkoko bizilagunak bertan, 1945eko maiatzaren 5era arte, orduan iritsi baitziren liberatuak kontzentrazio esparrura, bertan zeuden presoak askatuaz. Une horretan ateratakoa da erreportaje honetako argazki nagusia. Atearen gainean pankarta bat ikusi daiteke, “Los españoles antifascistas saludan a las fuerzas liberadoras” dioena. Argazkian soldaduei agurtzen agertzen diren pertsonen artean al dago Ramon Guerrero Fernandez? Batek daki.

San Pedroko gudaria
Orozkoko bizilagunaren kasuan oso eskasa da dagoen informazioa, baina beste kasu batzuetan datu askoz mamitsuagoak topatu daitezke, San Pedro mendiko indusketetan eginiko aurkikuntzaren kasuan esaterako. Manuel Mogrovejo Arnaiz miliziano zornotzarraren identifikazio txapa topatu zuten bertan EHUko arkeologoek.

Haritik tira eginez lortu zuten borrokalari komunista horren istorioa osatzea: 17 urterekin sartu zen Leandro Carro batailoian eta San Pedro mendian aritu zen borrokan, besteak beste. Ondoren, hainbat gorabeheren ostean, Frantziara egin zuen ihesi, baina naziek harrapatu eta Mauthausen-Gusenera eraman zuten. Ramon Guerrero Fernandez bezala, Manuel Mogrovejo Arnaiz ere bizirik atera zen kontzentrazio esparrutik.

Kasu gehiago
Kasu gehiago ere badaude. Alberto Martinez Gutierrez-Barquin artziniegarrak Mauthausenen amaitu zuen bere senide bati buruzko artikulua plazaratu zuen duela zenbait hilabete Arseniega historia blogean. Bertan Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten artziniegar baten izena ere aipatzen da: Feliz Lacuesta Isasirena. Historia asko geratzen da oraindik lurperatuta, noiz azaleratuko zain.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide