Emakumeen paleta partida eskasiaren aurrean, “Orozko Kup” txapelketa antolatu du Olgetanek

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 27a, 09:00
Sei paleta bikote arituko dira lehian Orozkoko frontoian. Urriaren 26an izango da azken norgehiagoka. / Aiaraldea.eus

“Orozko Kup” txapelketa antolatu du Olgetan klubak, emakumeen paletari bultzada emateko. Iragan ostiralean hasi ziren norgehiagokak eta hilabete batez luzatuko dira. Sei bikote arituko dira guztira lehian. Olgetaneko kideen aburuz, sendo dago Orozkoko paleta harrobia: aurten 7-8 jokalari berri batu dira taldera.

Olgetan elkarteak sustatu du ekimena, herriko paleta jokalariei urtean zehar norgehiagoka gehiago eskaintzeko. Andoni Olabarriaren esanetan, iaz izan zuten ideia: “Nesken paleta modalitateko partidak eta denboraldia laburrak dira. Urriaren amaiera aldera hasten dira, eta martxoan bukatu. Hutsune handia geratzen da txapelketa gabe federatuentzat”. Horregatik, otsailean herriko torneoa prestatzeko lanean hasi ziren: “Inguruko klubekin hitz egin genuen, klub bakoitzak bere torneo pribatuak antolatzea zulo horiek estaltzeko”. Alabaina, daten hautaketan zailtasunak izan dituzte, eta maiatzean egiteko asmoa zuten dinamika udazkenera atzeratu behar izan dute, “beste klubek data hori nahi zutelako”. Hala ere, elkarlanean osatu dute egutegia, elkarte bakoitzak garai bat aukeratuta.

Txapelketak abian
Hala, irailetik txapelketa ofizialak hasi arteko epea beteko dute Orozkon, “badakigu jendea ez dagoela nahi bezain entrenatuta goiz delako”. Horregatik, pizgarri gisa balio lezakeelakoan daude. Olgetanekoekin batera, Sopelako Kurene taldekoak, Gasteizko Adurzakoak eta Larrabetzuko Olarretakoak arituko dira. “Gonbidapenak bidali ditugu, eta dagoeneko zehaztuta daude bikoteak”. Ez da, ordea, batera prestatzen duten ekimen bakarra; Olgetanek, esaterako, Sopelako Hiru Erregeen Kopan hartzen du parte.

 

Sei bikote lehiatuko dira guztira eta liga formatuan jokatuko dute. Norgehiagoka hasi da dagoeneko eta urriaren 26ra arte luzatuko da

 

Orotara, sei bikote izango dira, eta liga formatuan jokatuko dute, “denek guztien kontra”. Bost jardunalditan bereizi dituzte partidak, bariku eta zapatuetan. “Txapelketa urriaren 26an bukatuko da. Festibal bakoitzean sei bikotek jolastuko dute egun berean”. Kiroldegian elkartuko dira horretarako, “gomazko pilotak abiadura handia du eta ezin da herriko frontoian egin”. Edozelan ere, jende guztia gonbidatu dute ikustera: “Kartel propioak egingo ditugu egun bakoitzerako, eta sare sozialetan ere zabalduko du. Ahalik eta hedapen handiena izatea nahi dugu jendea etortzeko”.

Aurreratu dutenez, berezia izango amaiera eguna, urriaren 26a. Batetik, finalerdiak eta finalak jokatuko dira. Bestetik, larruzko paleta partida bat antolatuko dute. Gainera, Orozkoko Museoak bezperan Iñigo Gallagaren hitzaldia jasoko du, frontoiaren historiaren inguruan, “asteburu polita izango da”.

Harrobiaren egoera
Eskualdeko pala jokalarien harrobia zelan dagoen galdetuta, Orozkon oso pozik daude, Olabarriak aitortu duenez: “Momentu honetan frontoia txiki geratu zaigu. Aurtengo taldeak egitean beste 7-8 pala jokalari batu dira, pozik gaude baina arazo bihurtu da. Lehen txikiak zirenak nagusien kategoriara pasa dira, eta malabareak egin behar izan ditugu guztiak onartzeko eta entrenamenduak luzatzeko”. Izan ere, plazako frontoia eguraldiak baldintzatzen du, eta ezin dute baliatu, “eskaera eginda dago”.

Erlazionatuak

Bizkaia Cup etxera, pala kalera

Izar Mendiguren Cosgaya 2019 eka 03 Orozko

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide