“Bigarren mailako talde sentiarazi gaituzte uneoro, euskaraz ikasteagatik”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko aza. 27a, 07:30

Odontologia ikaslea da Maider Olabarria. / M.O.

MAIDER OLABARRIA (Orozko, 1997) Odontologiako 5. maila ikasten ari da. Bihar -osteguna- elkarretaratzea egingo du bere klasekideekin batera, euskaraz ikasteagatik pairatzen duten diskriminazioa salatzeko.

Euskaraz ikasteagatik diskriminatuak sentitzen zaretela salatu duzue. Zertan nabaritzen duzue diskriminazio hori?

Graduaren azkenengo urteetan areagotzen da sentimendu hori. Bigarren mailako taldea sentiarazi digute momenturo. Arratsaldeko ordutegiak ipintzen dizkigute, kliniketan kabinete zaharrenetan egiten dugu lan lehenengo urteetan, noizbait 3 edo 4 pertsonen artean materiala partekatu behar izaten dugu gaztelaniako taldearentzat bana zegoen bitartean...
 
Gaztelaniako taldearekin nahi baino gehiago goaz klasera, eta haiekin batzen garenean bi zerrenda dituzte irakasleek, eta “los de euskera” etiketarekin hasten dugu ikasturtea. Oro har, irakasle erdaldunak ez daude guztiz eroso talde euskaldunekin. Izan ere, haien irakasle plaza kolokan ipintzen dugu, ez direlako elebidunak.


“Urteak aurrera joan ahala egoera txarrera doala konturatu gara”



Posiblea da, gaur egun, medikuntza eta odontologia euskaraz ikastea? Zergatik?

Ez, odontologiari dagokionez behintzat. Matrikulan eskaintzen dutenaren arabera, gradu osoan euskaraz ikasten dugu, baina ez da horrela.

Urteak aurrera joan ahala egoera txarrera doala konturatu gara. Lehenengo urtea euskaraz jasotzen dugu bere osotasunean. Ondoren, ordu batzuk gaztelaniako taldearekin batera egiten ditugu, hurrengo urtean erdia eta erdia (azterketetan hizkuntzak nahasiz, noski) eta azken urteetan euskara irakaslerik gabe aurkitu dugu gure burua.

Hau da, batez ere, salatu nahi duguna. Irailean heldu ginen eta ez genuen irakaslerik, eta ez dugu EHUren partetik abisurik edo barkamenik jaso, gu haiengana jo dugun arte. Guk bilatu behar izan ditugu arrazoiak, errudunak eta soluzioak.

Egoerak goia jo duela diozue.

Gradu osoan haserrea pilatuz joan gara, eta bidean zehar borrokatu dugun arren, aurten gogor aritzeko beharra ikusi dugu, euskarazko taldeak gero eta txikiagoak baitira (gure atzetik datozenak 5 dira). Gure bidean traba askoz gehiago ipintzen dizkigute eta lehen mailako ikasleek, euskara jakin arren, ez dute euren burua bide honetan sartu nahi.

Baina, adibideak ipintzearren, iragan urteko azaroan bi irakaslek amatasun baja eskatu zuten, eta urte bat beranduago irakaslerik ipini ez eta soluziorik jaso gabe geratu ginen.

Fakultatean egiten ditugu praktikak eta irakasleek pazientearekin eta gurekin egoteko betebeharra dute, baina guk ez genuen irakaslerik, hortaz, ez genuen ezta praktikak egiteko aukerarik.


“Guk ez genuen irakaslerik, hortaz, ez genuen ezta praktikak egiteko aukerarik”

Elkarretaratzea egingo duzue egoera salatzeko ostegunean. Zein da zuen asmoa?

Gure helburu nagusia gure egoera ezagutaraztea da, gradu eta talde txikiak gara eta ez dugu oihartzun handirik. Jendea asko harritzen da gure egoera kontatzen dugunean.

Ez da ohikoa klasera heldu eta irakaslerik ez aurkitzea, edo gure arratsaldeko ordu libreak soluzioak bilatzen pasatzea, departamentuz departamentu eta EHUko ordezkariz ordezkari.


Ez da horrelako mobilizazioak egiten diren lehen aldia. Azken urteetan ekimen ugari egin dira zuen fakultatean "Medikuntza euskaldundu" lemapean. Fruiturik eman du borroka horrek?

Ez dakit zer esan, euskaldundu euskalduntzen ari da, baina nola? Goi mailako heziketa bat jasotzera gatoz unibertsitatera eta irakasleak euskara jakiteaz gain irakasle ona behar du izan, eta gaian aditua.

Batzuetan badirudi elebiduna izatearekin nahikoa dela, baina kalitatezko hezkuntza jaso nahi dugu. Guretzat garrantzia handia du honek, baina pausoka joan beharko dugu, eta benetan espero dugu hemendik urte batzuetara kalitatezko odontologo euskaldunak graduatzea EHUn.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide