Udal aurrekontuen aurka bozkatu du EH Bilduk, “herriaren beharretara egokituta” ez daudela argudiatuta

Txabi Alvarado Bañares 2019ko abe. 16a, 22:16

Iragan astean egin zen Udal Osoko Bilkura.

Aurrekontuetan “dirua aurrezteko asmo argiak” daudela uste du oposizioko taldeak. EAJ abstenitu egin zen bozketan.

Iragan asteko Udal Osoko Bilkuran onartu ziren Orozkoko Udaleko 2020rako aurrekontuak. Adiek gehiengo absolutua izanik, ez zuen aparteko arazorik izan proposamena aurrera ateratzeko. EH Bilduk, baina, aurkako botoa eman zuen, aurkeztutakoak “herriaren beharretara egokitutako aurrekontuak” ez direla uste duelako.

Prentsa oharra plazaratu du oposizioko taldeak bere jarrera adierazteko. Azaldu duenez, Adiek ez ditu aurrekontuetan EH Bilduren ez eta “prozesu par­te-hartzaile baten bitartez Orozkoko hainbat herritarrek egindako proposamenak” jaso. EH Bilduko zinegotziek ziurtatu dute ez dutela euren proposamenei ezetza emateko arrazoi ekonomikorik ikusten. “Gainera, hainbat partida ezabatu izanak, eragin zuzena dauka Orozkok, erremanentaren zain egon gabe, dituen etorkizuneko beharrei erantzuteko gaitasunarekin”.

Horrez gain, talde politikoak salatu du auzo batzarretan jasotako proposamenak ez direla 2020ko bigarren seihilekora arte gauzatuko, “auzoek dituzten beharrei egokitutako aurrekontu eta partidak sortu beha­rrean erremanentearekin erantzun nahi zaiolako auzoek proposatutakoari”.

Inbertsioak egiteko “asmo eza” leporatu dio EH Bilduk Adieri. “Inbertsio gisa ulertzen diren partidak ez dira gaur egungo gobernu taldearen ekimenez garatutako pro­posamenak, herritarrek historikoki egindako eskaerak dira, aurreko legealdian onartu zirenak. Aurrekontuetan dirua aurrezteko asmo argiak daudela ikusi dugu eta honek eragin zuzena dauka bestelako ekimenetan egiten den inbertsio ezarekin”.

Gauzak hala, udal gobernuaren lehentasuna “1,7 milioi euroko zorra ahal bezain laster kentzea” dela uste dute EH Bilduko kideek. “Argi dugu zorra kitatzeko zeregina badugula. Baina, kreditua urtez urte arazorik gabe ordaintzen ari den bitartean, Orozkorentzat beharrezkoak diren inbertsioen gainetik zorra gutxitzea lehenestea lekuz kanpo dagoela uste dugu”.

EAJ, bere aldetik, abstenitu egin zen bozketan. Jeltzaleek adierazi zuten diru sarreren puntuan udalak salgai jarriko duen pisuaren aurreikuspena botatzen zutela faltan, beste gauza batzuen artean. Hala ere, beste puntu batzuekin bat egiten zutela nabarmendu zuten, eta eskerrak eman zioten Adieri “emergentzia planerako” diru partida txertatzeagatik.

Udal gobernuaren erantzuna
Adieren udal gobernuko kideek udalbatzan bertan erantzun zieten EH Bilduren kritikei. “Alternatibarik ez izatea” egotzi zion Pedro Mari Intxaurraga alkateak oposizioko taldeari. “Erraza da kritikatzea, ez da horren erraza sortzea”, nabarmendu zuen, “EH Bilduk ez du ekarpen interesgarririk egin Orozkoko herritarrentzat”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide