Urte luzez, eraso matxista orotarikoak bizi izan dituzu. Zelan zaude?
Gaur egun indartsu nago, nahiz eta honek guztiak momentu txar asko ekarri. Beldurra ere badut. Juridikoki artxibatutako bi auzi ditut, nahiz eta gehiago bizi izan ditudan (ez baititut eraso guztiak salatu). Nire erasotzaileak bilaketa eta atxilotze aginduak ditu, baina Espainiatik kanpo dago, eta estatuan bere kontrako agindu gehiago ditu. Nazioartean dagoenez, Europako polizia fitxategietan azaldu arren, ez da existitzen nazioarteko bilaketa agindurik. Espainiako justiziak ezarritako zigorra estatuan bukatzen da, nazioartean ez du eragiten.
Nolako eragina izan du horrek zugan?
Urruntze agindua izanik, justiziak ez du esku hartzen. Horrek psikologikoki tratu txarrekin jarraitzea ahalbidetzen du. Nik 5 urte daramatzat azken urruntze aginduarekin, eta bera atzerrian dagoenez, Espainiak ezin dio ofizialki notifikatu. Beraz, atzerrian erasotzailea zigorgabetu egiten du legediak. Adibidera ekarrita: bera kondenatua izan daiteke mehatxuengatik, baina ez urruntze agindua urratzeagatik, ez duelako jakinarazpen ofizialik.
“Nahikoa dela esan arren gurpil berera itzultzen zara: jipoia, barkamena, promesak...”
Zelakoa izan da salaketa prozesua?
Gogorra. Lehenbiziko salaketa familiak behartuta egin nuen. 2008an izan zen. Etxean giltzapetu ninduen, aiztoarekin erasotu eta jipoitu ostean. Etxekoek ni ikustean ertzain etxera eraman ninduten. Aurrez, urtebete lehenago, bizilagunek salaketa jarria zuten (eta erasotzailea kondenatu zuten genero indarkeriagatik).Pausoa ematean prest nengoela uste nuen, baina oso gogorra da. Salaketa jartzeak, oro har, erasoak errepikatzea edo intentsifikatzea dakar. Horregatik jarraitzen du jendeak erasotzailearekin bizitzen. Nik bi egoerak bizi izan ditut: beldurragatik eta segurtasun ezagatik erasotzailearen ondoan geratzea erabaki izan dut, eta gerora aurre egin diot. Salaketa prozesua abiatzeak askoz indartsuago egin nau.
Nolakoa da justiziak esku hartzerainoko prozesua?
Batez ere, oso geldoa da, eta mingarria. Larritasuna sortzen du, hilabete askoan luzatzen da; hasieran ematen du azkarra izango dela salaketa eta epaiketa bidea, bi egunetara auzitegian baitzaude urruntze agindua jasotzeko. Neurri horiek ezarri ondoren urte eta erdi inguru pasatzen da gutxienez. Tarte horretan oso bolada gogorra bizi du emakumeak, erasotzailearen kondenaren zain zaudelako. Alabaina, kartzela ekiditekotan, erasotuen jarrera alda daiteke, erasotzaileen barkamen eta damu fasearen ondotik. Izan ere, gauzak ez dira aldatzen eta tratu txarrak normalean errepikatu eta indartu egiten dira, eta epaiketara bitarteko txanpan gertatutakoa ukatzen du berriro, errudun sentitzeagatik eta beldurragatik.
Justizia oso geldoa denez erasotzailea ezin dute kondenatu, eta nire kasuan, lehen epaiketa iritsi arte beste bi salaketa jarri nituen.
“Urruntze agindua edukita gu gara etxepean patruila edo bizkarzainak ditugunak, deliturik egin ez badugu ere, eta erasotzaileen jarraipena ez du inork egiten. Noiz esku hartuko dute eurekin?”
Auzibidea hartuta, epaileen jazarpena emakumeak ala gizonezkoak, nork jasaten du gehiago?
Erasotzaileak ez deklaratzeko eskubide legala du inputatua izate hutsagatik. Gainera, nahi duena esan dezake, baita gezurra ere. Aldiz, salaketa jarritako emakumeak erasotzaileak egindako guztia frogatu behar du. Gainera, auzitegietan erasotzaileen gezurrak entzun behar izaten ditugu, abokatuek sustatuta, euren erruduntasuna zein zigorra txikitzeko.
Beste adibide bat jartzearren, oraintsu Bilbora joan nintzen Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako auzitegira nire salaketen egoera jakiteko, dokumentu guztiekin. Nire erasotzaileak mehatxuak betetzearen beldur nintzela kontatu nien. 8 bilaketa agindu ditu, Whatsapp zenbaki askotan nire argazkiak profil gisa jarrita… Eta esan zidaten bakarra bizkarzaina eskatzeko izan zen.
Nolakoa izan da zure kasuan, ahalduntze bidea?
Nire bikotekide ohia kartzelaratzean hasi zen, nolabait. Bera gabe bizitzeari ekin nionean hasi nintzen zulotik nola atera ikusten, gainetik kendu nuenean. Ordura arte, ez zela posible uste nuen. Arazoa nuela banekien, baina nola konpondu ez. Erasotzen ninduen bakoitzean, nahikoa zela esaten nuen, baina barkamena eskatzen zidan… Eta ez nuen familiak jakiterik nahi. Hala, gurpil berera itzultzen zara: jipoia, barkamena, promesa faltsuak, jipoia…
“31 urte ditut eta 16 urtetatik ez dut askatasunik izan. 15 salaketa baino gehiago izan arren, bera da libre dagoena, ez ni”
Isiltasuna mantendu duzu denbora askoan. Zergatik?
Familiak eta lagunek susmoak zituzten, askotan galdetzen zidaten. Nik ukatu egiten nuen, eta harremana ondo zegoela nabarmendu. Nik pertsona hori maite nuen eta pena ematen zidan damututa zegoela zioenean.
Fase horrekiko zein gogoeta egiten duzu orain?
Batetik, kontziente nintzen erasoez: psikologikoki birrintzen ninduela banekien, baina ukatu egiten nuenez, ez nuen arriskua ikusten. Aiztoa erakutsi zidan arte (etxetik alde egitea erabaki eta esan nionean) ez nuen nigan pentsatu, ezta arriskua ikusi ere. Aizto mozketak, kolpeak… Jipoia geratzeko modu bakarra barkamena eskatzea izan zen. Etxetik ihes egitea lortu nuen, eta salaketa jarri nuen lehenbizikoz.
Bestetik, erasotzaileen prozesua askoz lehenagotik dator: oso luzea da. Bakartu egiten zaituzte: lagunekin geratzea debekatu, familia zurekin haserretu dela sinestarazi… Hori dena kontrolatuta egoteko egiten dute, gure inguruak oztopatu egiten duelako, arazoa ikusten baitu.
“Ezin da erasotuaren bizitza zalantzan jarri, emakume ororen babesa bermatzeko ezinbestekoa da salatzea”
Legeak zenbateraino babesten ditu emakume erasotuak?
Urruntze agindua jartzean berari 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Alabaina, kondena hori komunitate lanengatik ordezkatu zioten. Hortaz, nirekin harremanetan jartzea eta nigana hurbiltzea debekatu zioten tarte horretan, baina ez zen espetxean sartu. Horrek ez du inolako babesik ematen, ez du emakumeon egoera aldatzea bermatzen. Horrelako neurriekin ez da lortzen erasotzailearengandik aldentzea: beraiek gu bihurtzen gaituzte errudun, eta justiziak ezarritako neurria behin beteta, egoera ez da aldatzen.
Eta urte eta erdi horren ostean zer? Egoera okertu egiten da. “Espetxean sartu nahi nauzu”, “Bizitza izorratu didazu”. Eta berriro zirkulu amaigabean sartzen zara. Gainera, salaketa bidea hartzen duzunean, eraso “oso larriak” ez direnean (mehatxuak eta beste) akordioa lortzea gomendatzen dizu guardiako abokatuak, tribunaletara ez iristeko, eta prozesua azkartzeko. Epaitegiak oso saturatuta daude, lan asko dute salaketak areagotu direlako, eta kasuak azkar bideratzea bilatzen dute abokatuek. Horregatik akordioa sustatzen dute (erasotuak babes neurriak izateko, eta erasotzaileak kondena saihesteko), baina hori ez da soluzioa.
Erasotzaileei, modu horretan, mehatxu zein erasoekin jarraitzea onartzen zaie, akordioa delako, eta ez kondena.
Eta erasotzaileak?
Aiztoarekin erasotzeagatik komunitate lanak jartzen badizkiete, atera kontuak. Lotsagarria da abokatuek eta justiziak genero indarkeria baliatzea komunitate lanak egiteko. Horrez gain, epaiketetan egoera onartezinak gertatzen dira: akusatuen abokatuek emakume erasotuen hitza eta salatutako erasoak zalantzan jartzen dituzte, frogak aurkeztuta egon arren.
“Lotsagarria da justiziak genero indarkeria baliatzea komunitate lanak egiteko”
Zer esango zenieke, zure boteretze esperientziatik, indarkeria matxista jasan duten edo jasaten dabiltzan emakumeei?
Lehenik eta behin, erasotzailearekin bizi badira, abisatu gabe alde egiteko, bera etxean ez dagoenean. Norberaren objektuak ez dira inportanteak, beste momentu batean berreskura daitezke.
Bigarrenik, eraso guztiak salatzeko. Hala ere, nire esperientzia kontuan hartuta, ezin da ziurtatu salaketa jartzeak arazoa konponduko duenik, baina erasotua babestuago egongo da. Auzibidea hartuz gero, erasotzailea delitu guztiengatik kondena dezakete, baldin eta atzerrira jotzen ez badu.
Azkenik, indartsuak izateko esango nieke, ez dezatela erasotzailearekiko penarik izan. Emakumak ez gara eurek egiten dituzten delituen erantzule, ez dezatela euren damurik sinetsi. Gure bizitzek asko balio dute.
Instituzioetatik genero indarkeriaren aurkako protokoloak daude abian. Aski al dira?
Jakina ezetz, erasotuentzat onura oso gutxi dituzte protokoloek. Nire kasuan, 18 urte nituela arrisku handian dauden indarkeriaren biktimentzako pisuetako batean egon nintzen. Ez nekien kasik non nengoen ere. Ezin nintzen etxetik atera nire erasotzailea atxilotzeko zain nengoen bitartean.
Ez zen tailerrik egiten, zure gelan bakarrik egon zintezkeen, edo telebista ikustera atera. Hezitzaile eta psikologoak genituen -oso jatorrak gainera- eta ni bezalako neska gazterik sekula ikusi gabe zeudela esan zidaten. Gainontzeko emakumeak ez ziren euren geletatik ateratzen apenas, eta negar asko egiten zuten. Ez zitzaidan gustatu esperientzia: ni nengoen giltzapetuta eta egoera horretan nire erasotzailearen ordez.
Terapia psikologikoak oso ondo daude, betiere bestelako ekintzekin uztartzen badira: tailer edo enplegu programak eta abar. Izan ere, horrela, beste pertsona batzuekin harremantzeko aukera izango genuke.
Bestalde, instituzio eta poliziek jarraipena beti egiten diete emakumeei… Noiz esku hartuko dute erasotzaileekin? Urruntze agindua edukitzeagatik guk ditugu patruila edo bizkarzainak etxepean eta lantokian, deliturik egin ez badugu ere, eta erasotzaileen jarraipena ez du inork egiten.
“Genero indarkeriaren legediak gabezia asko ditu. Erasotzailea atzerrian badago, zigorgabetu egiten du”
Zure kasua publikoki salatu duzu, sare sozialetan barne. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Arrazoi ugari ditut. Gaur egungo legeek onartu egiten dute erasotzaileek atzerritik tratu txarrekin eta mehatxuekin jarraitzea. Delitu horiengatik ezin dituzte kondenatu ez badute Espainia zapaltzen. Biolentzia fisiko eta psikologikoaren ondoren, indarkeria matxista horrela ari naiz bizitzen . Espero dut noizbait justizia egin ahal izatea. Uste dut 13 urtez hau guztia etengabe jasaten egoteak kondena izan behar duela, nahiz eta infernu horretatik atera.
Ahotsa jartzeko beste arrazoi bat da ez diedala datozen emakumeei lege-herentzia hau utzi nahi: lege berme duinak behar ditugu, eta isilik geratuta apenas eragin ahalko dugu. Nik ahotsa eta bizitza ditut oraindik. Astero erailtzen dituzte emakumeak, eta dagoeneko praktikoki ezin dituzte hilketaren egileak zigortu, beren buruaz beste egiten baitute. Eraildako emakumeen omenez ere erabaki nuen nire kasua publiko egitea, eta genero indarkeria bizi duten emakumeak salatzera animatzeko.
Orozkon geratzea erabaki zenuen. Babestuta sentitu izan zara?
Bai, guztiz. Nire erasotzaileak ni lotsarazteko iruzkin eta irainak argitaratu zituen Orozkoko Udalaren Facebook orrian. Udala salatzen saiatu zen, baina tokiko erakundea izanik, Facebookek ez zion utzi.
Orozkon bigarren protokoloarekin lanean dabiltza, eta ekarpen batzuk egin ditut identifikatutako gabeziak konpontzeko. Esan beharra daukat, ordea, denbora guzti honetan protokoloak hobetu direla igarri dudala. Hala ere, legeak aldatzen ez badira, ezingo da ezer konpondu.
Edozelan ere, hemendik eskerrak eman nahi dizkiot 13 urte hauetan laguntza eta babesa eman didan jende guztiari, familia eta lagunei edota Josu zein Margari. Orozkoko Udalak ere asko lagundu nau. Problematika hau ikusarazten lagundu duzuen guztiek ematen didazue indarra munduari indarkeria matxistaren arazoa erakutsi eta konponbideak eskatzeko.
Aurrera begira, zein pauso egin beharko liratezke egoera aldatzeko?
Etorkizunari itxaron ordez gaurtik hasi behar dira aldaketak. Jendarteak ez lituzke indarkeria matxista jasaten duten emakumeen egoerarekiko horrenbeste galdera edo zalantza planteatu behar: zergatik dago bere alboan? Nolatan izan du umea?
Lehenik eta behin, ezin da erasotuaren bizitza zalantzan jarri, emakume ororen babesa bermatzeko ezinbestekoa da salatzea. Indarkeria matxista bizi duen edonoren berri izatean, ezin da emakumea bakarrik utzi (familia eta lagun asko etsitu egiten dira, eta horrek erasotzailearen helburua bermatzen du, biktima bakartzea).
Prozesu judizialak arindu behar dira, epaien ebazpen epea laburtu behar da; eta epaileen kondenak betearazi behar dira, ezin dira ordezkatuak edo baliogabetuak izan (6 hilabeteko zigorra ezarriz gero, ezin da komunitate lanengatik ordezkatu. Izan ere, espetxeratzeko 2 urteko zigorra eduki behar da, eta genero indarkeria salbuespen gisa tratatu behar dela uste dut). Bestalde, jazarpena erasotzaileak izan behar ditu, ez biktimak: patruila eta bizkarzaina etxepean erasotzaileak izan behar ditu, ez emakume erasotuak. Horrez gain, nazioarteko bilaketa eta atxilotzea legeztatu behar da. Biolentzia kasuetan, bi aldeen akordioak ere ukatuko beharko lituzke legediak, eta bestelako araudiak ezarri.
Azkenik, auzitegiak erasotzailearen ibilbide edo prozesu osoa kondenatu beharko lukeelakoan nago, ez salatutako ekintza solteak.
Nik 31 urte ditut eta 16 urte nituenetik gaur arte ez dut askatasunik izan, erasotzaileak ez nauelako bakean uzten. Egoera honetan bizitzen ikasi dut, baina ez naiz askea. Indartsu eta ahaldunduta nagoelako ateratzen naiz kalera inork hiltzeko beldurrik gabe, baina badakit berak bizitza kendu nahi didala.
Prozesu osoa epaitu eta zigortu beharko litzateke. Kondenatuak emakumeak garela sentitzen dut: 13 urtean nire erasotzaileak kondena jaso duten 15 salaketa baino gehiago izan ditu, eta espetxetik igaro eta epaiketa gehiagoren esperoan egon arren, bera dago “libre” (eta ni tratu txarrak ematen), eta nik 13 urte daramatzat askatasunik gabe. Eta txarrena da justizia dela hori baimentzen duena.