[IRITZIA] Gizarte antolaketa, bai pandemia hutsa

Erabiltzailearen aurpegia Ixone Collado Urkijo 2020ko mar. 15a, 21:14

Irudia: ElDiario.es

Txinatik Italiara. Ondoren, Madrilera. Euskal Herrira ere iritsi da, gaur Espainiar estatuko gunerik kutsatuenetako bat izateraino. Osasun larrialdi egoeran gauden honetan, dena da posible, pertsonen eskubide zibilak mugatzeko aukera izateraino: hiri eta herrietako sarrera-irteerak kontrolatu, kalera irteteko ordutegiak ezarri edo oinarrizkoak diren saltokiak soilik irekitzea bermatzea ekarriko du egoera honek, nahi ala ez. Supermerkatuetako eta farmazietako langileek kutsatzeko arriskurik edukiko ez balute bezala.

Izan ere, birus bati ezin zaizkio mugak jarri, eta beraz, herritarron erantzukizunari erreferentzia eginez,  arauak betearazteko dugun ardura behin eta berriz gogorarazten digute, beldurrarekin. Larria da egoera, zalantzarik ez dugu honekin, baina, aldi berean, argi dugu kontrol neurri hauek agerian utzi dituela COVID19a iritsi baino lehenago, pertsonon bizitzak erdigunean jarri eta bakoitzak bere beharretara antolatzeko dauden oztopoak.

Ikastetxeen itxiera eta telelana dira birusaren hedapena kontrolatzeko hartutako ebatzietako batzuk. Baina, egungo pandemia egoeran zentzuzkoak iruditzen zaizkigun neurri hauek, beste behin ere, agerian utzi dituzte bizitzak erdigunean ez egoteak dakartzan arazoak, baita pertsona kolektibo ezberdinen artean dagoen ekitate falta ere (genero edota klaseen ezberdinen artean, besteak beste). Lan-esparru askotan, prekarioenetan batez ere, telelana egitea edo lanera ez joatea aukera ez delako; eta hein handi batean, lanpostu horiek okupatzen dituzten emakumeek, ez dutelako lanera joatea ez den beste alternatibarik. Izan ere, ezin ahaztu dezakegu oraindik ere emakume eta gizonen artean dagoen %23ko soldata arrakala, eta honek esan nahi duena: 3 hilabetez dohainik lan egitea, hain zuzen ere.

Gaur bertan, banketxe handi bateko bulegoetako batean, arretako langileak bere ondoan zuen seme txikia. Biztanleria kolektibo kutsakorrena, gizarte talde kolektibo zaurgarrienen aurrean; baina noski, zaintza lanak, ordea, emakumeen lana dira, une oro. Lehentasuna, koronabirus delakoaren presentziarekin edo gabe, produkzioa izaten jarraitzen du. Eta alternatibak egotekotan, emakumeek moldatu ditzatela edo murriztu ditzatela euren jardunak eta egunerokoa, aiton-amonak babestea izan behar delako helburua, zalantza gabe. Are gehiago, esparru pribatuan, etxean gelditzeko etengabeko mezuez betetzen gaituzten honetan, babesgabetasun eta indarkeria matxista kasuek goranzko joera izan dute. Euskal Herrian, azken bi egunetan  hiru eraildako emakume izan ditugu gurean. Ez Milanen, ezta Madrilgo foku nagusian: gure euskal oasian baizik.

Hortaz, koronabirusa saihesteko neurriak etengabeak izaten ari diren eta izan beharko diren honetan, ez dezagun ahaztu osasun publikoaz gain pertsonok beste eskubide batzuk ditugula ere. Gaurdanik eraiki nahi dugun herri honetan GUZTION bizitzak babestea eta lehentasunezkotzat hartzea izan behar baita herri osasuntsu baten isla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide