Orozkoko EH Bilduk elkartasunaren aldeko apustua egin behar dela adierazi du ohar bidez, eta udaleko neurriak lantzeko eta adosteko espazio bat sortzea eskatu dio alkatetzari. Era berean, taldeko kideek adierazi dute orain arte jaso duten informazioa “oso urria” izan dela, eta neurriak adosteko eta erabaki bateratuak hartzeko ez dela “inolako espaziorik” eskaini. Gauzak hala, udal gobernuari eskatu diote beste udal talde politikoei “informazio zuzena" ematea, eta ekarpenak egiteko gune bat irekitzea, “neurriak adostu eta ahalik eta eraginkorrenak izateko”. Alderdiez gain, polizia, gizarte zerbitzu eta berdintasun zein boluntarioen sareetako ordezkariek ere parte hartzea nahi dute koalizio abertzaleko kideek.
Proposamen berriak
Zehazki, egoerak sortutako "krisialdi ekonomikoa leuntzeko" ondorengo ekimenak mahaigaineratu dituzte: arrisku handiena duten eta behar bereziak dituzten familiak identifikatzea; eta, eskola jantokia itxita mantendu bitartean, umeen bazkaria bermatzea. Negozioak itxi behar izan dituzten pertsonentzako diru-laguntzak abian jartzea ere eskatu dute.
Udal gobernuaren erantzuna
Prentsa oharraren harira, ADIEk orain arte gauzatutako neurriak ekarri ditu gogora: "Krisialdiaren hasieratik lanean ari gara, Orozkoko jende guztia pandemiatik bizirik ateratzeko, ahalik eta kutsatu gutxien egoteko, eta egoera hau amaitzen denean guztiok ahalik eta hoberen egoteko. Hau ez da momentua borroka politikoetan galtzeko, erabakiak hartzeko eta auzokideak zaintzeko baizik. Krisialdi honetan elkarturik egon behar dugu eta laguntzeko bakoitzak ahal duena egin, eztabaida politikoak itxaron dezake, gure osasunak ez".
Orozkoko Udalak, zenbait neurri hartu ditu koronabirusak eragindako larrialdi egoera ezarri zenetik. Besteak beste, udaletxeko jendaurreko zerbitzua itxi dute, eta herritarren laguntza sarea eskaini.