Hainbat neurri hartzen ari da Orozkoko Udalak koronabirusaren osasun krisiari aurre egiteko, hala nola herriko eremu ugariren fumigazioa: “Ibarrako ikastetxearen inguruak eta barruko patioak, Presape bidea, Zubiaur plaza eta inguruak, Andra Mari egoitzaren kanpoaldea, anbulatorioa, udaletxea, farmazia, estankoa, okindegiak, autobus geltokiak, iturriak eta edukiontziak”.
Era berean, ohar batean zehaztu duten arabera, udal-instalazio guztien erabilera bertan behera geratu da, baita taldeko ekintzak eta ostalaritza zerbitzuak ere. Irekita egoteko baimena duten lokaletan metro eta erdiko gutxieneko segurtasun-distantzia bermatu behar dute.
Udal bulegoetan aurrez aurreko arreta zerbitzua itxita dago eta, zerbitzuren bat eskatu behar izatekotan, 946 339 633 edo 946 339 685 telefono zenbakietara deitu beharko da, edo errolda.orozko@bizkaia.org zein alkatetza.orozko@bizkaia.org helbideetara idatzi. Erosketak egiteko laguntza behar izatekotan 946 339 633 zenbakira deitu edo ondorengo helbide hauetakoren batera mezua bidali daiteke: alkatetza.orozko@bizkaia.org eta administrazioa.orozko@bizkaia.org.