Aurtengo Euskaraldia dela eta, ekimen horren barruan egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia luzatu du Orozkoko Udalak. Lehenengo ekintza atzo bertan, apirilak 21, hasi zen, Euskaraldiko parte-hartzaileei haien euskara erabileraren inguruko hausnarketa egitea eskatu baitiete, eta inguruko pertsonekin zein hizkuntzatan komunikatzen diren behatu beharko dute.
Ondoren, apirilaren 24a eta 30a bitartean, “hizkuntza ohitura horiek aldatzeko edo finkatzeko ideia edo proposamen bat plazaratuko da egunero, bakoitzak bere erritmo eta nahiaren arabera gauzatzeko”. Azkenik, maiatzaren 3an partaideen arteko ekimen bateratua egingo da.