Alarma Egoera dela eta hainbat familietan sortutako larrialdi ekonomikoari aurre egiteko, oinarrizko beharrak babestuta daudela ziurtatzeko laguntza emango dute Orozkoko Udaletik, ohar batean adierazi dutenez. Horretarako, kasuak ahalik eta lasterren identifikatzeko asmoa plazaratu dute, eta familia horiek harremanetan jartzeko kontaktuak erraztu dituzte: 946 339 633 eta 946 339 685 telefono zenbakiak, eta errolda.orozko@bizkaia.org eta alkatetzea.orozko@bizkaia.org helbide elektronikoak. Orotara, 90.000€ bideratuko dituzte familiak laguntzera, apirilaren 24ko udalbatzan araudia onartu ostean.
Eskaerak egiteko baldintzen artean alarma egoera ezarri zenean Orozkon bizi izana justifikatzea dago. Horrez gain, diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) baino diru-sarrera altuagorik ez izatea da beste baldintzetako bat, bizikidetza-unitateko kide kopurua kontuan hartuta. "Pertsona bakar batek osatutako bizikidetza-unitate batean, zenbateko hori orokorrean 693,73 eurokoa da gehienez hilean, eta 795,95 eurokoa pentsiodunen kasuan. Bi pertsonako unitateetan, hilean 890,81 euroko zenbatekoa ezartzen da gehienez orokorrean, eta 994,94€ pentsiodunentzat; hiru pertsonako edo gehiagoko unitateetan, 985,41€ orokorrean eta 1.074,53€ pentsiodunentzat", zehaztu dute.
Kultur ikastaroak
Bestalde, Udaleko Kultura Sailak datorren ikasturterako ikastaroen inguruko hainbat proposamen bilduko ditu. Horretarako,herritarrek infoinduma@yahoo.es helbidera bidali beharko dituzte euren ekarpenak, udalaren webgunean agertzen den orria beteta. Proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 8ra arte luzatuko da.