EH Bilduk krisi ekonomikoa leuntzeko neurriak eskatu dizkio Orozkoko udal-gobernuari

Julen Solaun Martinez 2020ko mai. 6a, 07:00

Orozkoko osoko bilkura bat, artxibo irudi batean.

Lau proposamen egin dituzte guztira, tokiko saltokiak eta merkataritza indartzeko helburuarekin.

Orozkoko EH Bilduk Covid-19ak utzitako krisi ekonomikoa herrian leuntzeko neurriak proposatu dizkio alkatetzari, udaletik hartutako eredua (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta, hain zuzen ere) ez baita nahikoa, oposizioko taldearen aburuz. Ohar batean adierazi dutenez, eredu horrek laguntzatik kanpo uzten ditu 693 euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituzten kideak, eta ez die gaur egungo beharrei erantzuten.

Hortaz, lau proposamen egin dituzte EH Bilduko kideek:

Negozioak irekitzeko unean erosketa-bonuen kanpaina berezi bat abiaraztea.

Tokiko merkataritza, turismoa eta lehen sektoreko ekoizleak bultzatzeko kanpaina bat garatzea.

Hilean 1.000 euroko laguntza lerroa diru-galerak, jarduera eten eta diru-sarrera edo salmentetan % 40 baino gehiagoko beherakada jasan duten tokiko merkatari, enpresa ertain eta txiki, ostalari, lehen sektoreko ekoizle eta autonomoentzako.

Covid-19a bitartean eman diren diru galerak ez gainditzeko neurriak”.

Era berean, Adie udal-gobernu taldearen proposamenak kritikatu dituzte oposizioko taldeko kideek, herriko jarduera ekonomikoa burutzen dutenei “inolako laguntzarik” eskaintzen ez dizkietela egotzita. Horren harira, EH Bildutik gehitu dute udalak tokiko merkataritza laguntzeko ardura duela, eta baldintzak sortu behar direla salbuespen egoeraren ondorioz ixtera behartuak izan diren negozioak berriro ere zabaldu daitezen.

Udalaren erantzuna
Udal-gobernuko kideek erantzun dute asmoa dutela diru-laguntzak behar dituzten herritarrei halakoak emateko, eta orain arte horretarako 90.000 euroko partida onartu dutela gehitu dute. Bestalde, gelditu behar izan duten enpresa eta autonomoei tasak kentzeko edo murrizteko proposamena jadanik onartu dutela nabarmendu dute, "Aldundiaren baimenaren faltan". Era berean, herriko denda, ostalaritza eta zerbitzuei laguntza emateko bonoak sortu dituztela ere zehaztu du udalak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide