OIANE DEL VALLE

“Poztekoa da ikustea bizitza aurrera doala. Denak ez dira albiste txarrak, jaiotzak kasu”

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko mai. 15a, 07:00

Oiane del Valle ama izan berri da. / Aiaraldea

OIANE DEL VALLE (Orozko, 1985) duela 3 aste izan zen ama. Etxealdiaren erditze aurreko eta osteko eraginaz aritu da, baita larrialdi egoeran gurasotasunera egokitzeko gorabeherez ere.

Amatasuna nola bizi duzue koronabirus garaian?

Nahiko arraroa izaten ari da. Hasiera batean, gure buruetan bestelako ideia edo pentsamendu batzuk zeuden amatasunaren inguruan, eta ezin izan ditugu aurrera eraman.

Erditze aurreko edo osteko gorputz prestaketan eragin al dizu larrialdi egoerak?

Larrialdi egoera honek erditu aurretik, sentimendu arraroak ekarri zizkdan batez ere niri. Fisikoki oso ondo sentitzen nintzen, baina igeri egitea, paseatzea... faltan botatzen nituen. Hala ere, egunero etxean egin ditut ariketak; bai nire kabuz eta baita Zoom aplikazio bidez ere. Youtube eta Aiaraldeako zumba klaseak ere jarraitu ditut.

Nolakoa izan da zure haurdunaldiaren azken txanpa?

Nire aldetik, nahiko lasaia izan da. Batetik, oso ondo etorri zait etxean lasai-lasai egotea. Ni, berez, oso pertsona aktiboa naiz. Uste dut erditzera nahiko deskantsatuta joan nintzela horri esker.

Eta umea jaiota, lehenbiziko asteak?

Izarrek hiru aste bete ditu. Alde batetik pena handia sentitu dugu familiak ez duelako umea etxean ezagutzeko aukerarik izan. Alabaina, bestetik, lasaitasun askorekin hartzen ari gara hau dena: hiruko familia benetan bizitzen.

Imajinatzen zenuenarekiko, alde nabaria egongo zen ezta?

Bai. Jendeak beti dio estres asko duela lehen asteetan, etxeetan bisita ugari jasotzen baitira. Gure kasuan ez da horrela izan, baina egunero edo ia beti ditugu bideo-deiak familia edota lagunekin. Hori ondo dago, sozializatzeko aukera bakarra baita. Gaur egun, paseoan ateratzeko aukera dugunez Orozkon, konfinamendutik deskonektatzeko parada ematen digu, eta haize freskoa sentitzekoa.

Zertan eragin dizu berrogeiadi edo itxialdiak guraso moduan?

Berrogeialdiak kontu handiagoarekin ibiltzen erakutsi digu. Nahiko larria den egoera honek ikuspegi zorrotzagatik begiratzen irakatsi digu; ez da bakarrik gure osasuna, gure alabarena ere dago jokoan.

 

“Larrialdi egoera honek erditu aurretik, sentimendu arraroak ekarri zizkidan niri”

 

Anbulategiko errebisioak mantendu dira, ezta?

Bai, nire kasuan behintzat denak mantendu dituzte. Hala ere, badakit haurdun dauden beste emakume batzuei hitzordu motaren arabera bertan behera utzi dituztela. Beharrezko zitak, ordea, gauzatu egin dira. Bezperan telefonoz deitzen ziguten hitzordua aurrera zihoala esateko, eta bakarrik joan gintezen eskatzeko. Ondorioz, azken ekografiak eta abar nik bakarrik ikusi izan ditut.

Zer nolako neurriak hartu behar izan dituzue osasuna bermatzeko, guraso ikuspegitik?

Eskuak garbitzea, ez ukitzeko oso kontuz ibiltzea... 

Zentzu horretan zer izan da gogorrena?

Aiton-amonek Izar ezin ezagutzea, osabek edo lagun-minek bezala.

Jolas parkeak itxita daude. Ume eta gurasoek zein babesleku bilatu dituzue garaiotan?

Jolas parkeak oraindik guretzat ez dira gune garrantzitsuak, momentuz. Gure kasuan paseoak bakarrik egiten ditugu, eta etxetik gertu. Horrez gain, inorekin ez gurutzatzea bilatzen dugu, espaloietatik norbait gertu dugunean hizketan edo agurtzen geratu arren, beti ere distantziak mantenduta.

Zer aholkatuko zenieke umea izatear dauden aiaraldearrei?

Lasai egoteko. Osasun sistema oso antolatuta eta prest dago. Oso babestuta ikusi genuen ospitala, dena oso garbi eta lasai. Nabaritzen da amatasun pabilioi edo guneak nahiko babestuta daudela.

Eta gainontzekoei?

Lasai egoteko ere bai. Egia da, beste eskualde batzuekin konparatuta, Aiaraldean kasu positibo gutxiago egon direla. Dena ondo aterako da. Poztekoa eta zoriontzekoa da ikustea bizitza aurrera doala, denak ez dira albiste txar eta tristurak garai honetan, gauza politak ere gertatzen dira, jaiotzak kasu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide