Osasun eta zaintza sistema publiko “potenteak” izateko beharra azpimarratu du gaur arratsaldean EH Bilduk Orozkon egindako mitinean.
Jon Iñarritu diputatuaren eta Bea Ilardia Bizkaiko bozeramailearen partaidetzarekin, Urkulluk sistema publikoan mozketak egingo dituela ziurtatu dute, irabaztekotan mozketak “noiz, non eta nondik” ezbaian jarri du.
Iñarrituk, bere partetik, alderdi abertzalearen hiru oinarriak azpimarratu ditu, “ardatz soziala, askatasun ardatza eta burujabetzaren ardatza”. Burujabetzaren ardatza izan du, hain zuzen ere hizpide diputatuak, Urkulluk ez baitu autodeterminazio kontsultarik egin, eta irabazitako lehenengo hauteskundeetan egingo zituela zin egin zuela leporatu dio.
Ekonomiari dagokionez, Covid-19ak sortutako krisiak Estatu mailan 700.000 pertsona pobrezia egoeran utzi dituela adierazi du Iñarrituk, eta 23 pertsona aberatsenek 20.000 milioi euro irabazi dituztela epe berean kritikatu du.
Azkenik, Ilardiaren aburuz, EAEko gizarteak behar duen osasun eta zaintza sistema “agerian” utzi du osasun krisiak, inbertsio handiagoa behar dela zehaztuta, eta EH Bildu kokatu du irtenbide berriak proposatzeko adina gaitasun duen alderdi bakartzat.