San Antolin Jaien kartel lehiaketaren emaitza jakinarazi berri du Orozkoko Udalak eta Nora Latatu Landaluzeren "Dantzatu ezazu bizitza" lana aukeratu dute helduen kategorian. Herriko gazteak hirugarren aldiz jarraian irabazi du lehiaketa, eta 300 euroko saria jasoko du.
2. sailkatua Arantza San Pedro Uriondo izan da, eta 150 euro eskuratuko ditu. "Posiblea da" kartelak du bere egiletza.

Bestalde, 14 urtetik azpikoen artean Izaro Agirre Sasiainen sorkuntza izan da epaimahai teknikoaren eta herrikoiaren babesa lortu dituen lana: "Aurtengo sanantolinetan maskarak aurpegietan". 100 eurotan baloratutako margo-materiala emango diote gazteari.

Ekainaren amaieran hasi zen epea artelanak bidaltzeko, eta uztailaren erdialdean bukatu zen. Geroztik, Orozko Museoan egon dira ikusgai, herritarren eta epaimahai teknikoaren balorazioa jasotzeko.