Aurtengo Orozkoko jaietako kartela hautatzeko lehiaketa aurkeztu dute jada. “Sanantolinak egoera berezian COVID-19 pandemia dela eta” izango da gaia. Ezinbestekoa izango da “Orozkoko sanantolinak 2020. Irailaren 1etik 6ra” testua sartzea irudian.
Bi kategoria egongo dira, 14 urtetik beherakoena eta 15 urtetik gorakoena. Nagusien kategorian 300 euroko saria egongo da irabazlearentzat, eta 150 eurokoa bigarren sailkatzen den pertsonarentzat. Umeen lehiaketan, berriz, 100 eurotan baloratutako margo-materiala emango zaio irabazleari.
Lehiaketara aurtengo maiatzaren 4a baino lehen udalerrian erroldatuta zeuden pertsona guztiak aurkeztu ahalko dira, betiere lana beste lehiaketa batean aurkeztu ez badute. Marrazkia Din-A3 formatuan entregatu beharko da, teknika librea izanik. Ezinbestekoa izango da norberaren datuak eta kontaktua gutunazalaren barruan sartzea bigarren orri batean; eta posiblea izango da infoinduma@yahoo.es helbidera bidaltzea, datuak aparteko dokumentu batean idatzita ematen badira.
Lanak ekainaren 29tik uztailaren 17ra arte aurkeztu ahalko dira. Uztailaren 24an emango dute epaia. Alabaina, bidalitako lanak Orozkoko Museoan egongo dira ikusgai ordura arte eta erakustaldia amaitzean eskuratu ahalko dituzte egileek berriro. Epaimahaiaren balorazioa www.orozko.eus webgunean, argidun karteletan eta udaleko sare sozialetan jakinaraziko dute.