Astelehenean Artiach enpresako langile batek bere postura jo zuen asteburuan txarto sentitu ostean. Osakidetzara deitu eta gero, osasun sistema publikoak aholkatu zion etxera joatea eta PCR proba egitea. Asteazkenean COVID-19 birusak kutsatu zuela jakinarazi zioten.
Egunean bertan, langile batzordeak eskatu zion Artiacheko zuzendaritzari PCR analisiak egitea lantegiko behargin orori, baina, momentuz, ez dute erantzunik jaso. Antza, enpresak adierazi du barne protokoloa jarraitzen ari direla.
Langile batzordeko ordezkari batek azaldu duenez, ez dakite behargin kutsatuaren lanpostua propio desinfektatu den, nahiz eta egunero zonalde guztietan hori egin behar dela jasotzen duen enpresaren protokoloak.
Gauzak horrela, bihar elkartuko da pandemiaren harira sortutako batzordea Artiachen, 14:00etan, hain zuzen. Orduan erantzun guztiak eskuratzea espero du langile batzordeak.