Madrilgo Auzitegi Nazionalak Alaitz Aramendiren aurka aurkeztutako euroagindua aztertu zuen atzo Parisko Dei Auzitegiak, eta jakinarazi zuen azaroaren 4an emango duela eskaera horren gaineko erabakiaren berri.
Auzitegi Nazionalak 535 urteko kartzela zigorra ezarri zion orozkoarrari duela hiru urte, 2005ean ETAk Madrilgo San Blas auzoan auto-bonba baten bidez eginiko atentatuaren atzean egotea egotzita. Helegitea aurkeztu arren, Espainiako Auzitegi Gorenak kondena berretsi zuen 2018an.
Naiz hedabideak zabaldu duenez, Aramendiren abokatuak honako eskaera hau egin dio Frantziako epaitegiari: espainiar agintariei bermeak eskatzea orozkoarrak frantziar kartzeletan eginiko urteak kontuan izan ditzan.
Izan ere, legedian egindako azken aldaketak medio, Alaitz Aramendik 40 urteko zigorra bete beharko du Espainiako Estatuan. Orozkoarrak 2007. urtetik darama Frantzian preso, eta otsailean amaituko du bertan ezarri zioten kondena.