Gaur jakinarazi du Pariseko Apelazio Epaitegiak Espainiako Estatuak Alaitz Aramendiren aurka helarazitako euroagindua onartuko duela. Gauzak hala, preso politiko orozkoarra Espainiako Estatura bidaliko dute Frantzian ezarri zioten kondena betetzen duenean, eta beste 40 urteko kartzela zigorrari egin beharko dio aurre, 2005an jazotako atentatu batengatik ezarri ziotena.
Hala ere, epaitegiaren erabakia ez da behin betikoa, Kasazio Epaitegian helegitea jartzeko aukera dagoelako.
Aramendik 2008. urtetik darama Frantzian preso, eta otsailean amaituko du bertan ezarri zioten espetxe zigorra. Frantziako Cahors hirian atxilotu zuten Luis Iruretagoiena, Oihan Barandalla eta Ander Mujikarekin batera. Une honetan Renneseko kartzelan dago.