Herritarren laguntza eskatu dute "Jentilzulo bizirik mantentzeko"

Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abe. 8a, 10:00
Jentilzulo Kulturgunearen inagurazioa 2015eko urtarrilean izan zen. / Aiaraldea.eus

Udalak ez die ekintzak antolatzeko baimenik eman, “gazte lonja” bat dela argudiatuta. Jentilzuloko kideek asanblada deitu dute ostegunerako.

Askorentzat bezala, urte gorabeheratsua izan da Jentilzuloko Kulturgunearentzat ere. Herriko jaiak ospatu ez izanak egoera ekonomiko larrian utzi du espazioa, bertako irabazi guztiak lokalaren gastuei aurre egiteko bideratzen baitzituzten. Oharra kaleratu dute Orozko gune horretako kideek bizi duten egoera salatzeko.

Udalaren erantzuna

Ikasturte berria abiatzearekin batera, “segurtasun-neurri guztiak errespetatuz”, ekintzak berrartzeko apustua egin dute kulturgunean. Udalak, ordea, ez die horretarako baimenik eman, espazioa “gazte lonja” bat dela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak gazte lokalak ixtea ezarri zuen COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean. Udaletik "osasun-larrialdi egoera" dagoela nabarmendu dute, eta gaineratu dute "orozkoar guztien erantzukizunean konfiantza" dutela, "koronabirusa herrian ez zabaltzeko".

Jentiluzoko kideek, aldiz, kulturgunea gazte lonja bat ez dela defendatu dute: “Jentilzulo herriarena da, auzolana da, euskara da, kultura da, feminismoa da”.

“Egoera larria” dela azpimarratu eta herritar guztien bultzada eskatu dute espazioa bizirik mantentzeko. Hala, datorren abenduaren 10ean, asanblada informatiboa egingo dute Donibane Aretoan, 19:00etan. Bertan, kulturgunearen egoera zein den azalduko diete herritar guztiei eta eta aurrera begirako urratsak aurkeztuko dituzte.

Jentilzulok bost urte

2015ean zabaldu zituen ateak Orozkoko Jentilzulo Kulturguneak, udal gobernuak gazte asanbladak kudeatzen zuen Gaztetxea zigilatu eta itxi ostean. Bost urte hauetan, autogestioa oinarri, ekintza eta jarduera ugari antolatu dituzte bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide