Orozkoko Sautu Goikoa landetxeak ekimen solidarioa jarri du abian. Herriko ostalaritza laguntzeko asmoz, landetxean zortzi lagunentzako asteburu bat zozketatuko dute, eta zozketatik ateratako diru guztia ostalaritza sektorera bideratuko dute, laguntza gisa.
Orozkoko ostalariak oso eskertuta azaldu dira ekimenarekin. Herriko taberna eta jatetxe gehienetan eskuratu daitezke zozketan parte hartzeko txartelak, euro baten truke. “Hitzik gabe geratu gara Sautu Goikoa baserriko lagunek martxan jarritako egitasmoarekin” adierazi dute Itxina Tabernako langileek, esaterako.
Zozketa urtarrilaren 1ean egingo dute, Orozkoko Zubiaur auzoko plazan, eguerdiko 12:00etan. Irabazleak edozein asteburu aukeratu ahalko du landetxeaz gozatzeko, 2021eko Aste Santua baino lehen bada ere.
Ekimen solidario gehiago
Aurretik ere elkartasun ekimenak burutu izan dituzte Sautu Goiko baserriko kideek. “Beste urte batzuetan jostailu bilketak antolatu ditugu Udaletxearekin elkarlanean”, azaldu du Olga Abans landetxeko langileak.
Aurten, arrazoi sanitarioak tarteko, ezinezkoa izan zaie jostailu bilketa antolatzea, eta horregatik sortu dute herriko ostalaritza laguntzeko ekimena.