Rhinaren bihotz taupadak liburua plazaratzera zoaz. Zein helbururekin?
Hiru helburu nagusi izan ditu lanak. Lehenbizikoa, ama bakarraren familia eredua ikusaraztea eta normalizatzea da, eskoletan batez ere. Ez dugu berezia edo desberdina izatea nahi, beste familia ereduak bezala normalizatzea baizik. Haurdun egon nahi nuela erabakitzearekin batera, nire umeari prozesu hau azaltzeko beharra sentitu nuen. Idazteari, beraz, haurdun geratu aurretik ekin nion. Bideoan grabatua dut momentu hori, etorkizunean berak egoera ulertzeko modua izatea nahi nuen, nagusitzean jaiotza prozesua nolakoa izan zen jakiteko aukera izatea nahi nuen. Duela 6 urte inguru izan zen hori. Denbora asko igaro nuen informazio bila, eta ez nuen euskaraz zein gazteleraz baliabiderik topatu. Horregatik, garrantzitsua da niretzat umeei zein ikaskideei azaltzeko lanabesak izatea.
Ama bakarra izatearen familia eredu edo aukera bistaratzeko lanabesa da orduan, liburua?
Bai, hori da. Bikotekiderik gabeko amen artean, kezka partekatua da hori: nola ulertarazi gure familia eredua? Beti gaude tailerrak eta abar egiten. Ametako batek, behin, bere umea oso nekatuta zegoela aipatu zuen, beti ingurukoek aita bat izan behar zuela errepikatzen ziotelako, berak ama bakarrik zuela uneoro errepikatu arren. Pentsa, bada kasuren bat zeinetan, haurrak, aita bat zuela baina txikitan hil zela asmatu zuen, bakean utzi zezaten. Istorio horiek oso gogorrak iruditu zitzaizkidan, eta ulertu edota azaltzeko baliabide bila jarri nintzen. Beste kasu batean honakoa gertatu zen: haurrak aita arrantzalea zuela asmatu zuen. Umeek naturaltasun osoarekin galdetzen dute, baina etxean landutako erantzunaren arabera, ezberdina da umeek eramateko edo erantzuteko modua.
Umeen galderak ez ezik, helduenak ere erantzun behar izaten dituzue ama bakarrak izateagatik, ezta?
Bai. Adibidez, nire lehengusuari haurdun nengoela kontatu nionean, "ez nekien mutila zenuenik!" erantzun zidan. Ziplo geratu nintzen, "ez, ez daukat" esan nion, baina orduantxe ohartu nintzen niri ere kostatzen zitzaidala etengabe azalpenak ematen egotea.
“Oso estigmatizatua dago haurdun geratzea bikotekiderik gabe”
Zer kontatzen du istorioak?
Balea baten bihotza geroz eta handiagoa da, eta ez du ulertzen zer gertatzen zaion. Olagarro amandreak esaten dio ama izan nahi duelako gertatzen zaiola hori. Horrela, prozesua kontatzen dio olagarroak, bere hazia eta orka ar batena behar direla argituz. Bikotekiderik bila aritu arren, ez du topatzen aukera egokirik, eta triste itzultzen da olagarroarengana balea. Orduan, olagarroak hazi poto bat utzi zion orka ar baten mezua helarazten dio, ama benetan izan nahi duen hari emateko eskatu baitzion. Hala, haziak uteroan sartzen erakusten dio, eta hortik aurrerakoa jaiotza prozesua da.
Ilustrazioak ere mamitsuak dira, beraz.
Bai, oso argi nuen uteroa agertzea nahi nuela. Askotan, magiko gisa azaltzen da haurdun geratzeko prozesua, eta niretzat garrantzitsua zen uteroa eta hazi potoa agertzea. Kontzienteki hautatutako irudiak dira, sekulako lana izan da.
Nortzuei dago bideratuta liburua?
Jende guztiari. Umeei, irakasleei, eskoletako kideei.... Guraso Elkarteentzat ere baliagarria izan daiteke. Adin guztientzat da egokia. Nire kasuan, adibidez, Haur Eskolan hasi ginen lantzen. Nire umeak urtebete zuela "eta bere aita?" galdetzen zidaten askotan. Horregatik da inportantea familia eredu ezberdinak txikitatik lantzea.
“Haurrak aita arrantzalea zuela asmatu zuen. Umeek naturaltasun osoarekin galdetzen dute”
Crownfounding-a egin zenuen proiektua gauzatzeko. Nolako harrera izan du?
Sekulakoa! Urtarrilean hasi nuen diru bilketa, baina abenduan hasi nuen aurrekanpaina. Lehen egunean, urtarrilaren 2an %20 lortua nuen! Geroztik, pixkanaka joan da gora egiten, nahiz eta aiaraldea.eus-en atera zenean izugarri igo zen! Helburua 5000€ ziren, baina gehiago jasoz gero, hobeto!
Autoekoizpenaren bidea hartu duzu. Noiz egongo da kalean liburua?
Martxorako espero dut. Ipuina Kalandrakako ipuin lehiaketara aurkeztu nuen, orduan gehiena prest nuen. Diseinatzailearekin ere landua nuen lehendik, ilustrazioak aurretik nituelako. Dena dago prest jada, diru bilketa proiektua ia bukatuta abiatu nuen. Inprenta frogekin gaude orain, martxoan kaleratzeko asmoarekin. Tirada 300 alekoa izango da gazteleraz, eta 200 alekoa euskaraz. Urduñan (Mahorren) eta Laudion (Zuhaitzan) egongo da, besteak beste, baina oraindik hori lantzen ari naiz. Abestia eta aurkezpena ere egingo ditugu, gainera!
Bizipenetan oinarritutako lana da. Ahalduntze prozesu baten isla al da?
Bai. Erabakirik zailena ama bakarra izatearena zela uste nuen, baina ez da horrela. Nire kasuan, urtebete eman nuen haurdun geratzeko, eta ekonomikoki ere sekulako apustu eta ahalegina da. Nik zortea izan nuen herentzia batekin, baina prozesua oso gogorra da psikologikoki, saiakera asko egin behar baitira. Horregatik, hazien potoan, liburuan, ale asko ageri dira.
“Nire umeari prozesu hau azaltzeko beharra sentitu nuen. Idazteari, beraz, haurdun geratu aurretik ekin nion”
Pertsonalki gogorra izan dela diozu, eta sozialki? Zaila al da ama bakarra izateko erabakia hartzea?
Bai, oso. Amari kontatu nionean asko kosta zitzaion ulertzea. Niretzat hori mugarria izan zen, nire amari kosta bazaio... Nire bizitzan zehar hainbat bikotekide izan ditut, baina amatasuna sentitu dudanean ez zait suertatu, eta osasun zentroetako itxaron-zerrenda oso luzea dela esan zidaten.
Horregatik eman nuen pausoa, "zergatik ez dut egingo?" pentsatuta. Askotan entzun ditut "itxaron pixkat, ez duzu presarik", edo "gaizki pasako duzu, ondo pentsatu" bezalako adierazpenak. Beldur eta babesetik esaten da, baina marka uzten dute.
Zer suposatzen du egunerokotasunean guraso bakarra izateak?
Maitasun eta logistika etengabea. Ekonomikoki ere ahalegin handia egin behar da, diru eta denbora aldetik oso konplikatua da. Ni lanera noanean, adibidez, umea eskolara eramateko zaintzailea behar dut, eta ordaindu egin behar zaio...
Atzera begiratzen dudanean, damu naiz atsedenerako denbora gehiago hartu ez izanaz. 'Tribua' eta aukera nituen, baina beti saiatzen zara zure kasa aurrera egiten laguntzarik gabe. Lehenbiziko 2 urteetan ez dut deskonexio tarterik gogoan, eta hori nabaritzen da. Gero, ia, martxa hartzen zoaz.
Idealizatuta dago amatasuna?
Bai, guztiz. Oso intentsoa da, nik horrela definituko nuke: olatu batek harrapatu eta lau itzuli ematea, haizeak nondik jotzen zaituen ez jakiteraino. Oso polita da, baina intentsoa ere. Orain, gainera, tribua ez dugunez, zailagoa da; harremanak asko murriztu baitira. Zaintza komunitarioagoa izateko beharra dago, tribu soziala handitu behar da, oso beharrezkoa baita. Ni, esaterako, Santutxutik etorri nintzen Orozkora bizitzera, eta beldurra izan nuen: herri txikietan oso markatuta zaude. Orain, oso eskertua nago Bilbon beharrean Orozkon bizitzeaz, ziur nago hirian bikotekiderik gabeko ama izatea oso desberdina izango zela.
“Bikotekiderik gabeko amen artean kezka partekatua da nola ulertarazi eta normalizatu gure familia eredua”
Liburua erdituta, baduzu beste proiekturik buruan?
Bai, erditzea kontatzea. Ez dakit egiterik izango dudan, baina buruan badut. Brutala izan zen. Askotan kontatu diot nolakoa izan zen une hori 6 urteko haurrari. Nik etxean erditu nahi nuen, baina beldurra sartu zitzaidan eta Mendaroko emagina ezagutzeko zortea izan nuen. Bertan jaio zen Lur, ahalik eta modu naturalean. Nire ideia bestelakoa bazen ere, 24 orduko lanaren ostean atera zen zesarea bidez Lur, 4.60 kilorekin. Konfiantzako espazioa izatea eskertu nuen.
Zer esango zenioke ama bakarra izan nahi duenari?
Informazioa jasotzeko bideak arakatzea, nik denbora asko galdu nuen horretan. Madres Solteras por Elección Elkarteak (AMSPE) badu laguntza, eta niretzat oso lagungarria izan zen talde hori. Emakume asko geunden fase berean, eta ezagutza zein kezkak partekatzen genituen. Informazio zuzena izatea eta lehen eskutik jakitea asko da; eta hitz egitea. Aholku gisa, kalkulu ekonomikoak azpimarratuko nituzke ere bai, oso garestia delako.
Beldurra aipatu duzu. Zuk ere bizi izan duzu?
Bai. Gai izango al naiz? Beldur asko duzu. Bestalde, oso estigmatizatua dago haurdun geratzea bikotekiderik gabe. Beste garai bateko logikan, 'pilingi' izatearekin lotzen da. Dena den, norbere buruarekiko segurtasuna edo bakarrik aurrera egiteko konfiantza dira beldurraren iturri handienak. Bakarrik hau guztia eramatea oso zaila da, oso gaizki pasa dezakezu, laguntza ekonomikoa eta soziala behar da, tribu bat.
Beldur horiek errealak dira eta kontuan hartu behar dira, eta ahal den heinean egoerari buelta eman. Esaterako, nik, erditzeko momentuan, 7-8 laguneko whatsapp talde bat nuen momentuan norbaitek laguntzeko, guraso eta senideak Bilbon bizi baitira. Horrek lasaitasuna ematen du. Hala ere, baimen eta eskubide aldetik badira aldatu beharreko gauzak.
Amatasun eskubidean badira aldatu beharreko gauzak, diozunez. Zeintzuk?
Adibidez, erditu ostean aitatasun baimenagatik gizonezko bikotekideek egun batzuk dituzte. Zilegia litzateke guk beste pertsona bat aukeratzea laguntza hori izateko, izan lagun edo senide. Nik lagun baten eszedentzia asko eskertu nuen, bi astez nirekin egon zen erditu berritan.
Oso injustua da hori. Ohikoan 8 egun badituzte aitek, egun horiek guk beste norbaiti eskatzea ez da hainbeste, desabantailak ditugu egoera horietan.
Eta hezkuntza edo heziketa sisteman?
Baita ere. Eskoletan borrokan ari dira orain. Paper gehienetan ama eta aitaren datuak jarri behar dira. Ez da gure familia ereduagatik bakarrik. Demagun aita hilda duzula, edo tratu txarrengatik salatua dagoela, harrera etxeetako haurrak... Mila egoera desberdin daude umeen artean. Bestalde, Aitaren Eguna eta antzeko ospakizunak jai egun dira oraindik ere... Gauza asko daude aldatzeko.
Jendarteari zein mezu zabalduko zenioke?
Ohiko familia ikusteko joera dugu, aniztasun gabea. Ni, behintzat, oso nekatuta nago beti justifikatzen edo azaltzen ibili beharraz ama bakarraren aukera normalizatua ez dagoelako. Aitarik ez dutenak, bi ama dituztenak... Anekdota bat gogoan dut: behin, euskaltegian, justifikante bat senarrari emateko esan zidaten; lehenbiziko aldian paso egin nuen. Hurrengo egunean, baina, irakasleari esan nion ez nuela senarrik, eta oso lotsagorritu zen. Seguru nago berari ez zaiola berriro horrelakorik gertatuko, asko eskertu zidan hankasartzeak azaltzea. Horregatik, begirada edo ikuspegia aldatzeko benetako ahalegina egin behar du gizarteak.