Denboraren kapsula sortuko du Orozkoko Udalak. Herritarrei luzatu diete ekimenean parte hartzeko gonbita. Bizilagunek objektu txikiak sartu ahalko dituzte kapsulan: gutunak, marrazkiak, CDak, pen-driveak eta abar. Datorren larunbatetik aurrera -martxoak 13- egongo da hori egiteko aukera, Induman astean zehar eta Gaztetxekoan, aldiz, asteburuetan.
Ekainera arte luzatuko da objektuen bilketa. Ondoren, kapsula itxiko dute, hemendik 10 urtera irekitzeko asmoarekin. “Asmoa da 10 urte inguru barru kapsula irekitzea, ikuskizun berezi batean. Horren ostean, ontzia gordeko da berriro, hortik urte batzuetara berriro zabaltzeko”, azaldu du udalak.
Ekimenaren gaineko informazio gehiago nahi izanez gero infoinduma@yahoo.es helbidera idatzi daiteke, edo 94 633 99 45 telefono zenbakira deitu.