Orozkon eta Urduñan jokatu da Bizkaiko Parapente Txapelketa

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 22a, 09:16

Bi egunez luzatu zen norgehiagoka. Airetik Parapente Taldeko Joseba Goikoetxeak lortu zuen lehen postua. 

Bizkaiko Parapente Txapelketa egin zen asteburuan Orozkon eta Urduñan. Ekainaren hasieran egingo zen, baina atzeratu egin zen, eguraldi txarra dela eta. Horregatik, hasieran izena eman zuten askok ez zuten bertaratzerik izan. Hala ere, dozenaka parte hartzaile egon ziren larunbat eta igandean. 

Lehen egunean Arrolako Santa Marinatik aireratu ziren parte hartzaileak, Orozko ingurutik aritzeko. Igandean, aldiz, Urduñako Txarlazo mendiraino joan ziren. Gorobel mendilerrotik egin zuten hegaldia, Urduñan lurreratzeko gero. 

Sailkapena

Gorka Tornosek irabazi zuen larunbateko norgehiagoka, ordubetean 35 kilometro eginda. Igandean, aldiz, Juan Maiza gailendu zen, 45 kilometro eginda ordu bat eta hogei minututan. Igande arratsaldean egin zuten sari banaketa, Orozkoko plazan. Tokiko produktuak banatu zituzten sari bezala, Bizkaiko Federazioaren eta Orozkoko Udalaren eskutik. 

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete “Iparair Klubari, antolakuntzan ibilitakoei eta laguntzaile guztiei”. Positiboki baloratu dute txapelketa: “Erdi ipurdiko eguraldiarekin, altuera gutxiko eta haize gehiegizko bi egunekin, guztion artean  bi egun zoragarri atera dira. Jendea oso pozik ikusi dugu, askok lehenengo aldiz Orozkon hegan egiten eta beste askok lekuaren aukera zoragarriak ikusten. Potentzial handiko lekua baita, Euskal Herriko leku hoberenetariko bat”. 

Bizkaiko txapeldunak:
1º Joseba Goikoetxea (Airetik Parapente Taldea)
2º Iñigo Gabiria (Larrano Parapente  Taldea)
3º Jon Uribe  (Airetik Parapente  Taldea)

Txapelketa Irekian:
Klub Mailan:    1º Haritz Oianguren (Amillena Parapente  Taldea)
Sport Mailan.  1º Felix Azagra  (Ostargi  Parapente Taldea)
Serial Mailan:  1º Joseba Goikoetxea  (Airetik  Parapente Taldea)
Emakumeak:   1º Maite Uribarri  (Airetik  Parapente   Taldea)
Maila Gorena: 1º Joseba Goikoetxea  (Airetik Parapente  Taldea)
2º Juan Maiza (Ostargi  Parapente  Taldea)
3º Iñigo Egaña  (Ostargi  Parapente  Taldea)

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide