Zaballako espetxera mugitu dute Alaitz Aramendi orozkoarra

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urr. 15a, 19:24

Zaballako espetxera mugitu dute Alaitz Aramendi gaur goizean. / Aramendi Jaunarena familia

Irailean iragarri zuten Espetxe Erakundeek Alaitz Aramendi preso politiko orozkoarra Avilako espetxetik Zaballako espetxera lekualdatua izango zela. Gaur goizean mugitu dute Aramendi Arabako kartzelara, Alcalá Mecotik igaro ostean. Senideek pozez jaso dute albistea.

Zaballako espetxera mugitu dute Alaitz Aramendi preso politiko orozkoarra. 2021eko urtarriletik Avilako espetxean egon da preso, Orozkotik 400 kilometrotara. Espetxe Erakundeek irailaren 29an iragarri zuten Aramendiren gerturaketa, beste 8 euskal preso politikorekin batera. Arabako espetxera iritsi aurretik, hainbat egunez Alcalá Mecon (Madril) izan dute preso orozkoarra.

13 urte eman zituen Aramendik Frantzian preso, bataz bestez etxetik 800 kilometrora. Espainiar estatuan 40 urteko espetxe-zigorra betetzen ari da preso orozkoarra, iragan urtarrilaren 7tik. Audientzia Nazionalak 2017an ezarri zion 535 urteko zigorra, 2005ean Madrileko San Blas auzoan lehergailu bat jarri izana egotzita.

"Etapa berria"

Alaitz Aramendiren senideek poztasunez jaso dute azken albistea. Atzo eman zieten lekualdaketaren berri, eta gaur goizean telefonoz berarekin hitz egiteko aukera izan dute. Astebete inkomunikatuta eman beharko du orain Aramendik modulu berrira igaro aurretik, COVID-19aren aurkako protokoloa dela eta.

Preso orozkoarraren senideek etapa berritzat jo dute Aramendik Zaballan hasi berri duen espetxealdia: "urte luzez bisitetan hainbeste kilometro egin ostean, pozgarria da etxetik gertuago dagoela sentitzea"

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide