Emakumeak izango dira frontoian nagusi igande honetan Orozkon. Izan ere, Olgetan elkarteak, Emakume Pilotarien Elkartearekin batera, II. Paleta txapelketako jardunaldia antolatu du herrian. Orozkoko Udala izan dute laguntzaile, beste zenbait babeslerekin batera. Norgehiagokak azaroaren 7an izango dira, 17:30etik aurrera, kiroldegian.
Maila altuko partidak izango dira Olgetan elkartearen iritziz, "Euskal Herriko pilotari onenetarikoak izango dira herrian"
Puntako pilotariek hartuko dute kantxa lehenbizi:
- Aroa Torres (2019 Arabako txapelduna)
- Leire Etxaniz (2017ko Euskal Herriko elite txapelduna)
- Uxue Agirresarobe (2021ean Euskal Herriko gazte mailako txapelduna)
- Irati Saez (2018ko Euskal Herriko irekiko txapelduna)
Horrez gain, pala txapelketako finala ospatuko da: Udane Iturbe-Miriam Arrillaga bikoteak Naroa Saez-Maider Mendizabal izango duelarik aurkari. Lau pala jokalariak dute lorpen esanguratsuren bat euren ibilbidean, eta maila altua espero da:
- Udane Iturbe (2019ko 2. mailako Bizkaiko kluben txapelduna)
- Miriam Arrillaga (2019ko Euskal Herriko irekiko txapelduna)
- Naroa Saez (2021eko 3.mailako txapelduna)
- Maider Mendizabal (4 aldiz munduko txapelduna)
Horrenbestez, pilota eta pala jaialdi oparoa espero dute antolatzaileek. Gainera, finalean Udane Iturbe orozkoarra arituko da. Urte asko daramatza Iturbek palan lehiatzen. Duela hiru urte egin zion Aiaraldea Komunikabideak elkarrizketa, Emakume bizkaitarren V. Kiniela irabazi berritan.
Olgetan elkarteak sare sozialetan azaldu duenez, maila altuko partidak izango dira, "Euskal Herriko pilotari onenetarikoak izango dira herrian. Animatu eta etorri pilotaz gozatzera!". Jende asko elkartzea espero dute, gainera: "Aldez aurretk eskolako pilotari guztien aurkezpena eta taldeko urteko argazkiak egingo dira, 16:50ean".