Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze egon ziren larunbatean Orozkon, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna eta txapeldunordea, hurrenez hurren. Potolari bertso eskolak antolatu zuen bertso saioa, eta Begoñe Olabarria arduratu zen gai-jartzaile lanak egiteaz.
Supelaur elkartean egin zuten otordua. Bertso eskolako ikasleek hartu zuten mikrofonoa aurrena, eta bertsoak eskaini zizkieten bertaratutako lagun guztiei.
Lujanbioren eta Mendiluzeren txanda etorri zen ostean. Agurrekin bukatu ostean, 2020ko martxoan zendu zen Sebastian Brown aurkezle eta bertsozale sutsuari eskaini zizkioten lehenengo bertsoak. Jatorriz ingelesa, baina Laudion zituen erroak Brownek, eta euskara zuen obsesio. Hori zela eta, makina bat bertso-saiotan parte hartu zuen, besteak beste.
Olabarriak gai ugari proposatu zizkien bi bertsolariei. Horietako batean sukaldean sartu behar izan ziren Lujanbio eta Mendiluze, perretxiko menu berezia prestatzeko. Kantuan erraz atera ziren biak estualditik. Lujanbiok eta Mendiluzek ez ezik, herriko trikitilariek ere doinua eta erritmoa jarri zioten tarteka larunbat arratsaldeko saioari.
Argazkiak: Bego Respaldiza