Sebastian Brownen omenezko bertsoak kantatu zituzten Maialen Lujanbiok eta Aitor Mendiluzek

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 17a, 07:00

Sebastian Brown, Orozkon egindako bertso saio batean, Serapio Lopez eta Juanjo Respaldizarekin.

Larunbatean Potolari Bertso Eskoleak bazkaria egin zuen Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluzerekin eta aukera baliatu zuten guztien artean Sebastian Browni omenaldia egiteko. Iaz zendu zen Ingalaterratik heldutako euskalduna.

Sebastian Brown fisikoki ez zen egon larunbatean Orozkon egindako bertso bazkarian, baina bere presentziak saioa bete zuen. Izan ere, Londresen jaiotako euskaldunak urtero parte hartzen zuen hitzordu horretan eta bertsozaleek eta bertsolariek ez dute ahaztu euskararekiko zuen interes bizia.

Gauzak hala, Supelaur Elkartearen egoitzan egindako bertso bazkarian, Potolari Bertso Eskoleako kideek gogora ekarri zuten Sebastian Brown, bere aztarna sakona baita oraindik eskualdean. Brown 2020ko martxoan zendu zen eta pandemia dela medio, bere lagunek ezin izan zioten omenaldia eskaini.

Horregatik, hain zuzen, larunbateko parada baliatu zuten bere oroimena pizteko. Omenaldi horretara batu zen Maialen Lujanbio. Bertsolariak Brown ezagutzen zuen, Orozkon bertan egindako saio batean izan zuen horretarako aukera. Berak sortutako bertsoei erantzun zion Aitor Mendiluzek eta hemen irakurri daitezke euren hitzak, Juanjo Respaldizak transkribatu baititu.

Respaldizak berak azaldu du hurrengo bertsoak kantatu baino lehen, aipatzen ari zirela Baranbion une berean beste bertso bazkari bat zegoela eta han egongo zela Serapio Lopez, Sebastian Brownen laguna. Maialen hasi zen eta Mendiluzek jarraitu zuen, txandaka:

"Ta biak dira bertso-bazkari
ta libertimentu puru
horrelakorik ez dela ospatu
Ia bi urte inguru
falta dena ez da soilik Serapio
horretaz gaude seguru
ta Sebastianek entzungo balu 
bezala jardungo dugu.

Tipo berezi magikoa zen
lagunarteko alaia
hala entzun det ta geratu zait
hura ezagutu nahia
baina bizitza halakoa da
hari eten ta jarraia
eta auskalo nora egin duen
bere hurrengo bidaia.

Garai batean etorri zena 
atzerritik ta honaino
bere bidaia hasi zuena 
gero lanbro, hala laino
gure artean egoten zena
ez da iritsi gaurdaino
nola oroitu hobeki bera
festa bat eginez baino. 

Baina aipatu hutsean ia
zeresana daukaguna
tipo berezi eta bitxia
eta lagunen laguna
azken finean heltzen denean
despedidaren eguna
gure bizitzen zentzua ez al da
atzean uzten duguna.

Hutsune batzuk ezin litezke 
inola ere ordezka
baina denbora aurrera doa
egunak guri galdezka
ta aspaldiko partez berriro
gaur elkartu gara, ezta
mundua ez dago erreza eta
beraz egin daigun festa".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide