Hainbat mobilizazio antolatu dituzte Madres Mercedariaseko langileek asteburu honetarako. Elkarretaratzeak egingo dituzte larunbat eta igandean 13:00etatik 16:00etara, Ibarra auzoko egoitzaren aurrean. Ondoren, kotxe karabanak egingo dituzte Zubiaur plazaraino.
Asteburu hau ez da ohikoa izango Ibarrako egoitzan, Madres Mercedarias kongregazio erlijiosoaren estatuko arduradunek bisitatuko dutelako. Horregatik mobilizatuko dira beharginak, zuzendaritzako kideei euren egoeraren berri emateko.
“Bizkaiko Aldundia da zerbitzu publiko horren titularra eta azken arduraduna. Honek, hitzarmen baten bidez, Madres Mercedariaseko kongregazio erlijiosoaren esku uzten du zerbitzu honen kudeaketa”, azaldu du Enpresa Batzordeak, “enpresa horiek, halaber, enpresa baten esku utzi dute Ibarra Orozkoko egoitzaren kudeaketa: Fundación Aliados”.
Orain arte indarrean egon den ituna ezabatu du enpresa horrek, eta horrek eragin zuzena izan du urteko lanaldian, oporretan eta soldatan. Egoera “larriagotu” egin da, sindikatuaren aburuz, “gardentasun faltagatik eta Fundacion Aliadosen zuzendaritzak ez duelako benetako elkarrizketarako borondaterik. Horren aurrean, langileak mobilizatzen hasi dira”.
Greba egiteko aukera mahai gainean
Iragan azaroaren 17an egin zuten beharginek lehen mobilizazioa, Orozkoko Zubiaur plazan. Astearte honetan, aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzetako baten aurrean.
Egoerak horrela jarraitzen badu, mobilizazioak gogortu egingo dituzte langileek: “ez dugu baztertu greba egunak egitea”.
43 langile ditu Madres Mercedarias egoitzak, eta aniztasun funtzionala duten 80 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua. LABeko bi kideak eta ESKko batek osatzen dute langileen ordezkaritza.