Orozkorock jaialdiak itzultzeko helburua jarri du 2022an. 2020ko edizioa bertan behera geratu ostean, eta 2021ean rock maratoia antolatu eta gero, jaialdiak sustatzen dituen kolektiboak ahalegin guztiak egingo ditu puntako taldeak erakartzeko.
Gauzak horrela, antolatzaileek iragarri dute jadanik zein taldek osatuko duten kartela. 2020an jo behar zutenei proposamen berriak gehitu dizkiete, eta Toundra, Sua, The Lizards, The Riff Truckers, Niña Coyote eta Chico Tornado, Eraso! eta Kurkumarekin batera talde berriak igoko dira oholtzara.
Horiek izango dira Viva Belgrado, Los Brazos eta Ezpalak. Momentuz, eta osasun egoera dela medio, Orozkorockek ez du informazio asko zehaztu, baina aurreratu dute emanaldiak Hegoaldeko aparkalekuan izango direla eta abenduaren 23an hasiko direla bonoak saltzen.
Antolakuntzak adierazi du "COVIDa dela medio, une oro ari gara balorazioak egiten eta ikusiko dugu zer nolako neurriak ezarri beharko ditugun data heltzen denean".