Urteroko zita berreskuratu du Orozkok, COVID-19aren pandemiak eragindako geldialdiaren ostean. Santa Luzia azoka ospatu dute gaur, eta Zubiaur plaza inguruak tokiko ekoizle eta artisauez bete dira. Aurtengoan, ordea, ez dute feriako osagai nagusia izan ohi den Terreña arrazako behien txapelketa egin, COVID-19aren eraginagatik.
Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek zita probestu dute Zubiaur plazan mobilizazioa burutzeko, lan hitzarmen duina, langileekiko errespetua eta prekarizazioa etetea aldarrikatzeko. Azaroaren 17an egin zuten lehen protesta ekimena eta geroztik beste hainbeste mobilizazio egin dituzte.
43 langile ditu Madres Mercedarias egoitzak, eta aniztasun funtzionala duten 80 pertsona baino gehiagori ematen die zerbitzua. LABeko bi kidek eta ESKko batek osatzen dute langileen ordezkaritza.
Argazkiak: Allende Solaun