Gazteen euskara batzordea sortu nahi du Orozkoko Udalak. Datorren urtarrilaren 18 eta 21ean egingo dituzte aurkezpen saioak. Biak izango dira Gaztetxokoan, 18:30ean. “Aurkezpen horren ondoren erabaki dezakezu ekimenean parte hartu nahi ote duzun”, azaldu du tokiko erakundeak herriko gazteei bidalitako gutunean. “Saio atsegina eta parte hartzailea" izango dela ziurtatu dute, eta zinemarako sarrerak ere zozketatuko dituzte.
Lehen geltokia: Korrika
Orozko da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen barruan dagoen Aiaraldeko udalerri bakarra. Euskararen ezagutza %70,92koa da herrian, baina erabilera datuak nabarmen baxuagoak dira.
Gauzak hala, Orozko herri “benetan euskalduna” bilakatzea izango da batzordearen xedea. Bide horretan, Korrika izango dute lehen geltokia. “Gazteok eta gazteontzat dinamika, jarduerak eta erronkak sortu ditzakegu. Hitz eta ekin!”.