Azaroaren 22an abiatu zuten greba Artiach gaileta fabrikako langileek, eta joan den astean igaro zituen lan-gatazkak 50 egunen ortzimuga. Egunero lau orduko lanuzteak egiten dituzte txanda bakoitzean "lan-baldintzak hobetuko dituen eta zuzendaritzak ezarri nahi dituen atzerapenak eragotziko dituen" lan hitzarmen baten alde borrokatzeko.
Urtarrileko azken astean aurreikusten dute langileek zuzendaritzarekin elkartzea. Edonola ere, lanuzteekin eta mobilizazioekin aurrera jarraituko dutela adierazi dute, "enpresak pretentsioak alde batera utzi arte". Lan gatazka hasi zela 50 egun baino gehiago igaro direnean langileek indartsu ikusten dute euren burua, eta prest agertu dira borrokan jarraitzeko.
Bi urte lan hitzarmenik gabe
Duela bi urte berritu zuten azkenekoz Artiachek langileek lan hitzarmena. Azken urtean hainbat ahalegin egin dituzte hitzarmen berria adostuko duen negoziazio mahaia abian jartzeko, baina bilerek ez dute aurrera egin. Zuzendaritzak "soldata kostuak murrizketa, lanaldien handitzea eta malgutasuna handitzea oinarri dituen beheranzko hitzarmen bat" sinatu nahi du, beharginen hitzetan.
Adam Foods taldearen enpresak 20 milioi euroko irabaziak izan ditu azken hiru urteetan, langileek mobilizazioetan gogorarazi dutenaren arabera.
Greba eskubidea urratuta
Negoziazioek ez bezala grebak eta mobilizazioek aurrera egin dute azken aste hauetan. Hartara, Bilboko Gizarte-arloko bigarren epaitegiak Artiach enpresa zigortu du lan gatazkan zehar greba eskubidea urratzeagatik. Monica Gonzalez epaileak sindikatuek jarritako salaketari arrazoia eman dio, eta enpresak ezarritako zerbitzu minimoak gehiegizkoak direla ondorioztatu du.
Artiachek kosta ala kosta produkzioa abian mantendu nahi izan du lanuzteak iraun bitartean, produkzio linietako labeak pizturik mantenduz. Gonzalez epaileak "negoziazio prozesu batean ekoizpena gelditzea beharginen tresna legala" dela azaldu du epaian, eta enpresak ezarritako zerbitzu minimoak justifikatuta ez zeudela ondorioztatu du.
Gauzak horrela, Artiachek 2.080 euro ordaindu beharko dizkio salaketa jarri zuten ESK, LAB eta ELA, sindikatuei. Baita 50 euro ordaindu beste 20 langileri ere.
Mobilizazio gehiago
Lan hitzarmen duina lortzeko mobilizazio egutegiarekin aurrera jarraitzen dute Artiacheko langileek. Atzo -urtarrilak 18- elkarretaratzea egin zuten Orozkoko plazan, eta egunero fabrikako sarreran egiten dute piketea 13:00etatik 15:00etara.
Gaur -urtarrilak 19- bi kotxe karabana egingo dituzte, fabrikako atetik abiatuta, eta ostegunean elkarretaratzea deitu dute Laudioko Herriko Plazan, azoka eguna dela probestuz, 12:30etik 13:30era. Ostiralean, aldiz, egun osoa emango dute fabrikako sarreran montatu duten karpan.