Zenbat egun bete dituzue greban?
Azaroaren 22an hasi ginen eta hemen jarraitzen dugu mobilizazioekin, ea lortzen dugun lan-hitzarmen duina lantegian, uste baitugu Artiach izan behar dela prekarietaterik gabeko fabrika, soldata duinekin. Etekin nahikoak ditu horretarako.
Egunero eteten dugu ekoizpena 10:00etatik 14:00ak arte goizetan, 14:00etatik 18:00ak bitartean arratsaldetan eta gauez 02:00etatik 06:00ak arte. Planteamendu berari eutsiko diogu. Egunero batzen gara hainbat ekintza gauzatzeko: kartelak jarri, elkarretaratzeak egin, auto ilarak, informazio karabana…
Txanda aldaketan ere elkartzen gara lantegiaren aurrean.
"Artiach enpresak etekin nahikoa dauzka Orozkokoa prekariaterik gabeko lantegia izateko"
Hala ere, sindikatu guztiak ez zarete greba antolatzaileak, ezta?
Ez. Langile batzordea osatzen dugu LABek, ELAk, ESKk, UGTk eta talde independente batek, bulegoetako langileek bultzatuta. Greba, ordea, gehiengo sindikalak babesten du. Hau da, LABek, ELAk eta ESKk.
Zergatik ez dira batu beste bi sindikatuak?
Hori eurek azaldu beharko lukete. Enpresak lan-hitzarmenerako proposatutako plataforma ez dago nondik hartu; bere abiapuntua da eskubideak kentzea langileei. Dena da kentzea eta kentzea; lanaldia luzatzea, malgutasuna handitzea, antzinatasuna murriztea, kontratazio berriei lan baldintza ezberdinak ezartzea… Ez dauka ezer positiborik.
Alegia, gauden moduan hobeto geratzen gara, ez dugu eskubiderik galtzen. Hortaz, ez dugu ulertzen zergatik ez diren batu grebara eta eurek azaldu beharko lukete.
Dena den, greba hau baino lehen, hainbat gatazka izan dituzue Artiachen azken urteetan.
Kontua da duela 10 urte inguru Nutrexpak erosi zuela enpresa. Nutrexpa bi familik osatzen zuten eta zatitu ziren. Orduan, familia batek Cola Cao eta bestelako konpainiak hartu zituen bere gain eta besteak, aldiz, gaileten lantegiak.
"Nutrexpak erosi zuenetik, gatazkak biderkatu dira enpresan"
Geroztik, oso harreman txarra izan dugu zuzendaritzarekin. Beti etorri dira modu okerrean, saiatu dira lan baldintzak kaskartzen, eta legezkoak ez ziren kaleratzeak egin dituzte, epaileek hala esanda. Horrez gain, nahi zuten gu lanera joatea nahiz eta lesioak izan, ezer ez egiteko, soilik lantegira joateko baja hartu gabe. Halaber, legez kontrako langile lagapenak egin dituzte ere; kanpoko enpresa kontratatu zuten tailerretan langileek egiten zutena egiteko eta salaketa baten bidez gelditu genuen.
Hamaika gatazka izan ditugu eta gure kezka da ea beti egongo ote garen horrela. Izan ere, azken 10 urteetan aurreko 20 urteetan baino talka eta arazo gehiago izan ditugu.
Zein da enpresaren egoera?
Datu ekonomikoek, auditoretzaren bitartez, adierazten dute azkenengo hiru urteetan 20 milioi euroko etekinak izan dituela. Pandemiak ez dio kalterik egin. Horrez gain, Galletas Artiachek 18 milioi euro dauzka inbertituak bestelako negozioetan, guk ez dakigu zertan. Gainera, 10 milioi euro dauzkate ere bankuan epe finkora, eta beste 20 milioi baino gehiago diru-funtsa batean. Oso datu ekonomiko onak dira.
Edonola ere, esaten dute beste enpresa batzuetan ere egiten dituztela gailetak eta modu merkeagoan egiten dituztela. Horregatik diote, guk inbertsioak nahi izanez gero Orozkoko lantegian, gure patriketatik atera behar dela horretarako dirua. Hori da euren mehatxua.
"Pandemiak ez dio eragin kalterik Artiachi, baina gure lan baldintzak kaskartu nahi dituzte"
Guk ez dugu eztabaidatuko beste leku batzuetan zer nolako lan baldintzak dituzten, baina guk hemen badakigu zer baldintza behar ditugun modu duinean bizitzeko.
Zein da grebaren egoera orain?
Hasieran jendea beldur zen. Baina, behin hasita, oso konbentzituta gaude ez dugula utziko zerbait positiboa lortu arte. Momentuz, oso batuta gaude hiru sindikatuok eta ildo bera jarraituko dugu. Badakigu topikoa dela, baina bat gara eta egia da giro ona dugula.
Enpresaren aldetik proposamenen bat heldu zaizue?
Enpresako buruak ez dira ergelak. Hortaz, espero dugu zerbait esatea uneren batean, baina momentuz ez dago ezer. Ez dakigu ezer eta ez dago bilerarik.
Zuzendaritzak esan zuen guk mugimenduren bat egin behar genuela eurak ere mugitzeko. Edo horrela ulertu genuen guk, behintzat. Orduan, aipatu genien gu prest geundela lanuzteak bertan bera geratzeko, baldin eta eurak hasten baziren negoziatzen lan-hitzarmena gure plataforma abiapuntutzat hartuta. Hau da, egun daukagunetik gora. Ez dugu esaten denak hobera egin behar duenik, baina zerbaitek bai.
"Zuzendaritzak adierazi digu Orozkon inbertsioak nahi izanez gero, langileen patriketatik atera behar dela horretarako dirua"
Enpresaren erantzuna izan zen negoziazio mahaia dela horretarako tokia, baina greba batzordea ez dago mahai horretan, sindikatu guztiek ez dutelako greban parte hartzen. Uste genuen enpresak esandakoa baloratuko zuela, baina ez da horrela izan.
Lanera sartzen ari diren beharginei zerbait esango zeniekete?
Momenturen batean norbaitek nahi badu grebara batu, eta zalantzak badauzka lantegiko sarreran une bortitzen bat bizi izan delako, ez dezala izan zalantzarik, gurekin etorri izana ospatuko baitugu.