Artiachetik kaleratutako lau emakumeak berronartu eta finko egingo dituzte. Hala jakinarazi du LAB sindikatuak prentsa ohar baten bidez. Akordioa sinatu zuten atzo langileek eta zuzendaritzak. Udazkenean egin zuten lehen epaiketa, emakumeetako baten kasuarekin. Bere kaleratzea baliogabetzat jo zuen epaileak, baina enpresako zuzendaritzak epaia errekurritu zuen.
“Urtarrilaren 16an beste epaiketa bat egin behar zen, baina bertan behera uztea erabaki genuen akordio kolektibo batera heltzeko asmoarekin. Orain akordioa sinatu da 4 langile berronartzearekin”, azaldu du sindikatuak, “akordioa lortu ondoren, jarraipena egingo dugu enpresak enpresa-batzordearen aurrean iragarri duen kontratazio politikaren aldaketa etorkizuneko kontratazio-politika gardena izan dadin”.
Urtebete borrokan
Modu horretan eman zaio amaiera ia urtebete luzatutako lan gatazkari. 2019 hasieran jo zuten emakumeen lan ikuskaritzara. Urte asko zeramaten Artiachek Orozkon duen fabrikan lanean (6-17 urte artean), baina enpresak ez zituen finkoak egiten. Behin behineko kontratu batetik bestera salto arazi egiten zien zuzendaritzak. Ainhoa Marigortaren egoera bereziki deigarria zen: 16 urtetan behin behineko 750 kontratu egin zizkion enpresak.
“Behin behineko kontratuekin nazkatuta amaitzen duzu. Ez duzu familia bizitzarik, telefono-deiaren zain zaudelako uneoro. Zure bikotekidearekin eztabaidatzen duzu lanagatik. Dena utzi behar duzu”. Hala azaldu zuen beste emakumeetako batek, Amaia Laconchak, Aiaraldea hedabidean eginiko elkarrizketa batean.
Lan ikuskaritzak arrazoia eman zien langileei: fabrikan behin behinekotasun handia dagoela eta enpresak emakumeei kontratu mugagabea egin behar ziela ondorioztatu zuen. Artiachek, ordea, beste gauza bat egitea erabaki zuen: langileekin zuen lan harremana etetea, kaleratzea, alegia.
Orduan ekin zioten emakumeek egoera salatzeari. Hedabideetara jo zuten euren egoeraren berri ematera, eta oihartzun zabala lortu zuten, egunkari, irrati eta telebista askotan agertu baitzen euren kasua.
Mobilizazioak egin zituzten gero. Lantegiaren aurrean egin zuten lehena, eta Laudion bigarrena. Azken hori nahiko jendetsua izan zen, herritar ugari bertaratu baitziren kaleratutako emakumeei babesa eta elkartasuna adieraztera.
Ziurrenik, ekimen horiek izan ziren balantza langileen alde mugitu zutenak. Udan (manifestazioak egin baino lehen) adiskidetze-egintzak egin zituzten, baina enpresa ez zen horietako batera ere ez bertaratu. Oraingoan (mobilizazioen ostean), enpresa prest agertu da negoziatzeko eta emakumeen bi aldarri nagusiak abian jartzeko (berriz onartu eta kontratu finkoa egitea).
Bigarren garaipena oso denbora gutxian
Artiachekoarekin bi dira Aiaraldeko langile mugimenduak azken bi hilabeteetan lortu dituen garaipenak. Abendu hasieran aurreakordioa lortu zuten Berriak supermerkatuetako langileek enpresako zuzendaritzarekin, hainbat lanuzte egin eta greba mugagabea abiatzeko deia mahai gainean jarri ostean.
Bada antzekotasunik bi borroken artean: egoera prekarioan dauden emakumeak izan dira protagonistak Artiachen zein Berriaken, eta herritar ugari batu dira bi lan gatazkak salatzeko egin diren mobilizazio eta ekimenetara. Aiaraldeko Mugimendu Feminista, adibidez, oso presente egon da bi borroketan, “elkartasun feminista” helarazteko.
Guk argi dugu,
— Aiaraldeko Mugimendu Feminista (@AiaraldekoMF) November 12, 2019
PREKARIETATEAREN AURREAN
ELKARTASUN FEMINISTA! pic.twitter.com/jGeAdYfohd