Astelehenean izan zen Artiacheko greba batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bilera, azken honek deituta. "Negoziazioak berrabiarazteko borondatea plazaratu zigun enpresak bertan, baina betiere lanuzteak bertan behera utzi edo gehiago luzatzen ez badira", azaldu du batzordeak langileei helarazitako ohar batean, "horren aurrean, galdetu genien ea murrizketak mahai gainetik kentzeko prest zeuden, eta ezetz esan ziguten".
Egoera ikusita, urtarrilaren 4an adierazi zutena errepikatu zuten langileen ordezkariek: ez diotela greba egiteari utziko murrizketak planteatu bitartean. "Enpresak ezin badu murrizketak kentzeko konpromisoa hartu, prest gaude negoziatzen jarraitzeko grebak indarrean jarraitzen duen bitartean, lan-gatazkak dauden beste lantokietan bezala".
Greba batzordeak gaineratu du ez dituela zuzendaritzak jarritako baldintzak ulertzen, "oztopoa" direlako negoziazioa berrabiarazteko eta egoera normalizatzeko.
Mobilizazio bateratua ostiralean
Gauzak hala, aurreikusitako lanuzte eta mobilizazioekin jarraituko dute Artiacheko langileek. Ostiralean izango dute zita nagusia: manifestazio bateratua egingo dute Madres Mercedariaseko langileekin, 16:30ean Zubiaur plazatik abiatuta.
Bien bitartean, babes eta elkartasun keinu ugari jasotzen ari dira langileak, hainbat pertsona ezagunen eskutik:
Mikel Larunbe pelotariak gurekin dago! Eskerrik asko Mikel!
— Artiach Borrokan (@ArtiachBorrokan) February 7, 2022
El pelotari Mikel Larunbe está con nosotros! Gracias Mikel!#Artiachborrokan #Greba #Huelga #Adamfoods pic.twitter.com/3K3KhyPSRv