Artiacheko langileen aldeko mozioa onartu du Orozkoko Udalbatzak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 10a, 11:33

80 egun baino gehiago daramate borrokan Artiach gaileta fabrikako langileek. / Aiaraldea.eus

Artiacheko langileak babesteko mozioa onartu zuten otsailaren 8ko Udal Osoko Bilkuran, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin. Udalbatzak desadostasuna erakutsi zuen enpresak lan-hitzarmenean jaso nahi dituen baldintzekin.

Asteartean -otsailak 8- Orozkon egin zuten Udal Osoko Bilkuran onartu zuten Artiacheko langileen aldeko mozioa. Testua EH Bildu eta EAJ udal taldeen babesari esker atera zen aurrera, Adie abstenitu egin zen.

Testua onartuta, "eskubideen murrizketa eta soldata mailaketa bikoitza" jasotzen dituen lan-hitzarmena ezartzeko Artiach enpresak egindako presioak arbuiatu zituen Udalbatzak, eta zuzendaritzaren asmoen aurrean desadostasuna erakutsi zuen. Era berean, Artiachek Orozkoko lantegian inbertsioak ez egiteko mahai-gainean jarritako mehatxua ere deitoratu zuten udal ordezkariek, fabrikaren etorkizuna arriskuan ez jartzeko konpromisoa eskatuz.

Horrez gain, Artiach eta Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek biharko deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du EH Bilduk.

Adieren abstentzioa

Udal gobernua osatzen duen Adie talde politikoa abstenitu egin zen Artiacheko langileen aldeko bozketan, testu itxia aurkeztu zela argudiatuta. "Greba hastean Artiacheko langileek Orozkoko Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdi politikoekin bildu ziren eta mozio bat aurkezteko asmoaren berri eman zuten. Plenoaren egunera arte, Adiek ez du testu adostu bat adosteko proposamenik egin" azaldu du EH Bilduk,  Adiek abstentzioaren alde egiteko nahikoa arrazoi aurkeztu ez dituela argudiatuz.

Artiacheko langileek urtarrilaren 24an aurkeztu zuten Udalbatzan eztabaidatzeko mozioa, baina Pedro Mari Intxaurraga alkateak gai-ordenan ez sartzea erabaki zuela azaldu du EH Bilduk. Hori dela eta koalizio abertzaleak modu urgentean aurkeztu zuen testua, otsaileko udalbatzan eztabaidatua eta onartua izan zedin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide