Azaroaren 22an Artiach gaileta fabrikan abiatu zuten lan hitzarmen duin baten aldeko lan gatazkak 100 egun bete ditu gaur. Grebalariek modu berezian aldarrikatu nahi izan dituzte borroka egun guzti hauek, eta gaur egungo greba duela 100 urte Deustuko Erriberako lantegian egindako grebarekin lotu dute, lantegi zaharrera egin duten bizikleta martxarekin.
8:30ean elkartu dira beharginak Orozkoko fabrikako sarreran, lan-gatazkaren ikur bilakatu diren peto horiak jantzita. Bandera eta megafoniaz apaindutako karabana batek lagundu ditu grebalariak bertatik Bilboko lantegi zaharreraino. 11:30ean iritsi dira helmugara. Bertan Orozkoko langile gehiago, Artiacheko gailetagile ohiak, Erriberako auzokideak edota beste enpresetako langileak zituzten zain.
Ekitaldia Erriberako lantegian
Deustuko Erriberako lantegian egin dute Artiacheko grebalariek eguneko lehenengo geldialdia. Bertan, ekitaldi bat burutu dute duela 100 urte 8 orduko lanaldiaren alde grebara atera ziren langileak omentzeko, bai eta hurrengo hamarkadetan Erriberako zein Orozkoko lantegietan borrokan aritu zirenak ere. Beste askoren artean, Miren Odriozola brigadista, ezker abertzaleko kide ezaguna eta Artiacheko langile ohiak parte hartu du bertan.
"Galletas Artiachetik hamaika talde eta konpainia igaro dira eta gehienak saiatu dira galleterei lan baldintzak murrizten, baina gu ez gara inoiz makurtu, gu galleterak gara eta harrotasunez daramagu hori!", adierazi dute ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzari deia
Behin ekitaldia amaituta, manifestazioa egin dute Deustuko Erriberatik Eusko Jaurlaritzak Bilboko Gran Vian duen egoitzaraino. Gobernuari interpelazio zuzena egin diote bertan LAB, ELA eta ESK sindikatuek; enpresaren eta langileen arteko negoziazioan lagundu dezan, "langileen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen lan-hitzarmen berri bat erdiesteko". Era berean, Galletas Artiach enpresak industria sektorean garatzen ari den soldata arrakalan ez sakontzeko mekanismoak eskatu dizkiote Jaurlaritzari.
Azkenik, Jaurlaritzaren eta bestelako erakunde eta alderdien kolaborazioa eskatu dute erenAdams Food konpainiak Orozkoko lantegiaren etorkizuna, funtzionamendua eta modernizazioa bermatuko dituzten inbertsioak egin ditzan: "Ezin dira begiratzen geratu deslokalizazio mehatxu baten aurrean".
Argazkiak: LAB sindikatua, Ecuador Etxea, Sortu Bilbo eta Artiacheko langileak