Sei eguneko grebaren lehen txanpa bukatuko dute gaur Madres Mercedarias zentroko langileek

Aitor Aspuru Saez 2022ko mar. 10a, 16:30

Artiacheko grebalariekin batu dira berriro Madres Mercedariaseko langileak. / Aiaraldea.eus

Martxoaren 22an, 23an eta 24an jarraituko dute lanuzteekin Ibarra auzunean kokatuta dagoen zentroan. Asteartean mozioa onartu zen udalbatzan, tokiko erakundeak bitartekari lanak egin ditzan Bizkaiko Foru Aldundiarekin, gatazka konpontzeko bidean.

Madres Mercedarias aniztasun funtzionala duten herritarren zaintzarako zentroko langileek sei greba egun deitu dituzte martxoan eta gaur hirugarrena beteko dute. Laudioko Aldai plazan egon dira eguerdian Artiach enpresako beharginekin batera eta gogoratu dute martxoaren 22an, 23an eta 24an berriro lanuzteak egingo dituztela. Halaber, martxoaren 24an manifestazioa egingo dute 18:00etan Orozkon, Zubiaur plazatik hasita. 

Mobilizazio ziklo horrekin aldarrikatu nahi dute zentroaren kudeatzaileak, Fundación Aliadosek, murrizketa larriak ezarri dituela langileen lan-baldintzetan, eta indarrean zuen ituna aplikatzeari utzi diola. Murrizketa horien ondorioz, lanaldia handitu da, jaiegun gehiagotan lan egin behar dute eta KPIaren igoera itundua ezabatu da.

Horrez gain, honakoa aipatu dute langileek LAB sindikatuaren bidez plazaratutako oharrean: "Ibarrako lan zentroan 43 langilek egiten dugu lan eta askotan, 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dugu. Madres Mercedariasekin KPIaren arabera igoera adostuta geneukan eta enpresak, Fundacion Aliadosek, ituna hautsi du. Hiru urte hauetan hautsitako akordioak berreskuratzeak 60.000 euro inguru suposatuko lituzke".

Mozioa Orozkoko udalbatzan

Martxoaren 8 egun bizia izan zen Orozkon. Artiach eta Madres Mercedariaseko lan gatazken ondorioz, mugimendu feministak han zentratu zituen bere deialdiak. Horrez gain, egun berean herriko udalbatza egin zen eta EH Bilduk Madres Mercedariaseko langileen mozioa eraman zuen udal aretora.

ADIEren kontrako botoekin -EAJk aldekoa eman zuen-, testuak ez zuen aurrera egin. Ordea, udal gobernu taldeak beste mozio bat aurkeztu zuen. Horren helburua zen Orozkoko Udalak bitartekari lanak egitea Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean -zerbitzuaren arduraduna baita erakundea-, gatazka konpontzeko.

Alkateak argudiatu zuen erabilitako prozedura ez zela juridikoki egokiena gaia lantzeko -txanda herrikoian aurkeztu behar zela- eta horregatik bozkatu zuen ADIEk kontra. EH Bildurekin eztabaida mikatza eragin zuen horrek, baina koalizioak ADIEren testuaren aldeko botoa eman zuen eta, azkenean, testu hori onartu zen aho batez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide