Artiacheko langile bat, 36 urteko emakumea, hil zen larunbatean Zaratamon, in itinere istripu batean, lanetik etxera itzultzen ari zela. Hala jakinarazi du LABek ohar baten bidez.
Sindikatuak elkartasuna adierazi nahi izan die hildakoaren senide, langun eta lankideei, eta honakoa gaineratu du: “Lanetik etxera zihoala gertatutako istripua izanik, Lan Ikuskaritzak ez du bere horretan ikerketarik irekiko eta trafiko istripu arrunta balitz bezala kudeatuko dutelakoan gaude. Baina LAB sindikatutik argi utzi nahi dugu in itinere istripuak, lan istripuak izaki, kontrolagarriak direla neurri handi batean”.
LABek adierazi du datu ofizialek “bistan” uzten dutela “Euskal Herriko lan istripu hilgarriaetako asko in itinere direla”. Ildo horretan, sindikatuak nabarmendu du larunbateko istripua 6:00etan gertatu zela, gaueko txanda amaitu berri, eta kasu horietan nekea “arrisku faktore garrantzitsua” dela.
“Ba al dago arrisku faktore garrantzitsu hau enpresaren arrisku ebaluaketan identifikatua? Integratu al da neurri prebentiborik hau kontrolatzeko? Ba al du enpresak mugikortasun planik?”, galdetu du sindikatuak, eta gaineratu du langileak behin behineko kontratua zuela.
Gauzak hala, LABen ustez, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak “betebehar garrantzitsua” dute in itinere arriskuetan. “Administrazioak berak in itinere istripuak ez baditu ikertzen, enpresek ere ez dute hauek kontrolatzeko neurririk hartuko”.
Horregatik, mota horretako ezbeharrak kontrolatzeko kanpaina abiatzea exijitu diote Osalani, mugikortasun planak integratzearekin batera. “LAB sindikatuak modu zorrotzean jarraituko ditu egoera guztiak eta beharrezko ekintzak eramango ditu aurrera patronalak berea den ardura bete dezan”.
Elkarretaratzea
Lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute LABek, ELAk eta ESK-k bihar -apirilak 26- Orozkoko lantegiaren aurrean, 13:00etatik 15:00etara.
Urteko lehen lan heriotza eskualdean
Aurten Euskal Herrian jazotako 21. lan heriotza izan da Artiacheko langilearena, eta Aiaraldeko lehena. Iaz bi langile hil ziren eskualdean beharrean ari zirela. 2020an, aldiz, 9 izan ziren guztira.